LITERATURA

“Biko-teka” ilustrazio eta narrazio lantegia

Iruñeko Udalak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Etxepare sariaren laguntzaz, Biko-teka ilustrazio eta narrazio lantegiaren beste edizio bat abiatuko dute. Bertan izena emateko epea abenduaren 4ra arte izango da zabalik. Lantegiaren bosgarren edizioa da honakoa, eta helburua euskarazko liburu irudidunak sortzea da.

Biko-teka urtarrilaren 25etik 29ra burutuko da, Kondestable Civivoxean, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsoren eskutik. Horiez gain, Dani Martiarena idazleak eta Ana Ibáñez irudigileak ere parte hartuko dute, gonbidatu gisa. Izena emateko administrazioa@galtzagorri.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Lantegian liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da lau egun eta erdiko ikastaro trinko honetan. Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua? Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez? Zer dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute? Nola sekuentziatzen da istorio bat? Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko? Nola argitaratu liburu ilustratu bat? Nola funtzionatzen du gurean album ilustratuen edizioaren munduak?
Lantegi trinkoa da, lau egunekoa, guztira 37 prestakuntza-orduz, eta bertan parte-hartzaileek album irudidun bat sortzeko faseak landuko dituzte, hots: ideia pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta irudiztatu.

Bikotekan aurkezteko, idazlanari eta ilustrazioei dagozkien aurreko betebeharrez gain, proiektuaren zirriborroa aurkeztu beharko da. Materialarekin batera curriculuma eta NANaren fotokopia aurkeztuko dira. jasotakoen artean egile berriak lehenetsiko dira.

Jakin-beharreko guztiak hemen dituzue laburbilduta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button