EZLEKUBAT

Gaztezulo: “Proiektu komunikatibo oso bat eskaintzera bideratzen dugu gure esfortzua”.

Gazteentzat egindako argitalpena duzue Gaztezulo aldizkaria. Gaur eguneko informazio ausarta, freskoa ekartzen du zenbaki bakoitzean, beti ere, diseinu berritzaile batekin. Euskal Herriko gazteentzako aldizkari honek milaka harpidedun dauzka eta kioskotan banatzen da hilabetero. Duela gutxi, urteetan egin duen lanak errekonozimendua jaso du eta Argia Saria eman diote. Honetaz eta hartaz izan dugu hitzerdi bat eurekin, hitzerdi bat eurekin. Erredakzioko kide diren Raul Perez eta Igone Fernandezekin, hain zuzen. Portzierto, argitalpenaren otsaileko alea kalean da eta Urmeneta anaiak dira protagonista.

Prentsa idatziko Argia saria hartu berri duzue. Nola hartu duzue saria? Horrelakorik espero zenuten?
Poz handiz eta esker onez, dudarik gabe. Ustekabean harrapatu gaitu, ez genuen espero, baina egia da Gaztezulo nolabait zoriontzeko une egokia zela hau, iaz, 2010ean 10 urte bete baitzituen gure aldizkariak. Oso urte berezia izan zen, horregatik diogu iaz eginiko esfortzu berezia eta 10 urte hauetako ibilbidea borobiltzera datorrela sari hau. Oparia da. Argia Sariek sona dute eta, garaikurra jaso genuenean esan bezala, guretzat ohorea da horrelakorik etxeratzea. Noski, hasitako bidetik aurrera jarraitzeko eta urteari kementsu ekiteko bultzada ederra eman digu.

Argi dago, zuen argitalpenak kalitate salto handia egin duela txulo izatetik zulo izatera pasatu zenean. Batez ere kalitate salto hori azken urtebetean nabaritzen da. Elkarrizketa luzeak egiten dituzue, argazki propioekin jantzita, edukiak landuagoak dira… Gaztezuloren unerik onena bizi duzuela uste duzue?

Tira, ezinezkoa litzateke halakorik lortzea atzean urtetako jardunik ez balego. Aldizkariak hasieratik izan zuen harrera ona Euskal Herriko gazteen artean. Ordutik, nahiz eta garai guztiak berdinak ez izan, lan izugarria egin dugu, errekonozitua gainera: 2002an Rikardo Arregi Saria eman ziguten; eta Ukan Berrikuntza Saria 2008an, aldizkaria goitik behera itxuraldatu eta webgunea abiarazi ostean. Dena dela, arrazoi duzu, azken hilabete hauetan, urteurrena dela eta, bereziki zaindu ditugu edukiak eta irudia. Elkarrizketa sakon eta landuak ekarri ditugu, azal erakargarriak, bideo lehiaketa antolatu genuen, I. Gaztezulo Saria entregatu, festa egin genuen… guk ere konpartitzen dugu aipatu duzuna eta, dudarik gabe, aurrerantzean horixe izango da erronka: gutxienez mailari eustea eta gero eta produktu osotuena eskaintzea.


 
Era berean, edukiak ere hasieran baino sakonagoak direla ere esan daiteke. Publikoa helduago baten bila ari zarete?
Bai, hori izan zen apustu nagusia 2007ko udaberrian diseinua berritu genuenean. Lehengo izenaren bukaera bera (txulo) bigunegia zen eta aldizkariari izaera gaztetxoegia ematen zion. Gaztezulo izatera pasatzetik etorri zen erabateko berrikuntza. Jakina, beti ez da erraza izaten 18 eta 30 edo 35 urte bitarteko irakurleengan, denengan, pentsatuz lan egitea, jauziak handiak izaten direlako batzuetan. Zentzu horretan, gure hileroko erronka da, ahal dugun neurrian, behar guztiak asetzea.

Irakurleak aldaketa hori nabaritu duela uste duzue?
Seguru aski, bai. Seguru aski, irakurle bakoitzak atal bat edo beste jarraituko du hurbilagotik gustuen arabera. Gu gure datu baseak esaten digunarekin fidatzen gara: duela hamar urte, harpidetza egin zutenean, 15 eta 18 urte zituzten gazteek 25 eta 28 dituzte orain, eta fidelak zaizkigu oraindik. Ez da seinale txarra.

Zer eskatzen dio gazte irakurleak prentsa idatziko argitalpen gazte bati? Horri erantzuten saiatzen zarete?
Produktu interesgarria eta tresna baliagarria izan dadila. Euskal Herriko gazteak egiten ari direnaren berri eman dezala eta, aldi berean, zubigintza edo plaza lana egin dezala gazte sortzaile eta ekintzaileak harremanetan jartzeko. Duela hamar urte Gaztezuloko lan taldeak identifikatutako interesguneak indarrean dira oraindik, nahiz eta aktoreak aldatu diren. Hau da, adibidez, urte hauetan gaztetxe berriak sortu eta beste batzuk desagertu dira, baina okupazio mugimenduak bizirik jarraitzen du eta gazteen interesekoa da. Gauza bera gertatzen da musikarekin, zinemagintzarekin, teknologia berriekin, kirolarekin, gai sozialekin, sexuarekin… Testu irakurterrazak, frexkoak, eta irudi erakargarriak eskaintzea, bestalde, ezinbestekoa da gurearen tankerako aldizkari batez ari bagara.

Nola ikusten duzue gaur egungo prentsa idatzia euskaraz? Horrekin lotuta, zein izan daiteke euskal prentsa idatziaren etorkizuna Interneten nagusi den garai honetan?
Euskarazko prentsaren eta oro har euskarazko hedabideen etorkizunari begira kezkatuta gaude. Horren lekuko da 75etik gora aldizkarik, egunkarik, irratik, telebistak, webgunek… publikatu berri dugun editoriala. Egoera ekonomikoa latza den honetan (guk geuk diru laguntzen %80ko murrizketa pairatu genuen iaz), ezinbestekoa dugu erakundeen sostengua aurrera egingo badugu. Interneti dagokionean, begiak ixtea litzateke sarea paperari lekua jaten ari zaiola ukatzea. Zentzu horretan, proiektu komunikatibo oso bat eskaintzera bideratzen dugu gure esfortzua, zeinetan papera eta sarea (gaztezulo.com) elkarren osagarriak diren. Sare sozialek, bestalde, salto handia ekarri dute.

Era beran, nola ikusten duzue beti diru laguntzen menpe bizitzea? Halaber, krisi garaia dela eta, zailagoa da beste finantza-iturri batzuk lortzea, esaterako, publizitatea. Testuinguru iluna, ezta?
Egia da, tamalez, finantziazio publikoa euskarazko hedabideok gainean daramagun zama edo motxila dela; benetako hizkuntz normalizazioa heldu arte izango duguna. Are gehiago krisi garaiotan. Baina hori hala izanagatik, ez da bidezkoa eta zuzena askok euskal hedabideoz saltzen duten irudia: beti eskean… Izan ere, diru laguntzak, oso garrantzitsuak izan arren, ez dira, inondik inora, gure diru iturri bakarra. Zorionez, gure publizitate bezeroek erantzuten jakin dute eta leialak izan dira, baita harpidedunak ere. Dudarik gabe, beren kolaborazioa ezinbestekoa zaigu aurrera egiteko eta oso eskertuta gaude.

Horren harira, Euskarazko Hedabideen Kanpaina abiatu da eta zuek sinatzaileetariko batzuk zarete. Horrelako ekimen bateratuak beharrezkoak ikusten dituzue?
Baietz iruditzen zaigu. GAZTEZULOri dagokionez, joan den urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak %80 murriztu zuen laguntza, eta gurea bezalako hedabide bat kinka larrian jartzen du horrelako erabaki batek. Guk bizi duguna beste askok ere pairatzen dute, dela herri informazioa, dela kultur informazioa, gazteei zuzendurikoa… hobe erantzun bateratu banan-banakoa baino. Asko dago jokoan, argitaratu dugun editorialean diogun bezala 400.000 herritarrek kontsumitzen baitituzte euskarazko hedabideak.

Zeintzuk dira Gaztezuloren erronkak etorkizunera begira? Ematen du gazteek geroz gutxiago irakurtzen dutela…
Tira, ikerketaren batek ondorioztatu du Internet existitzen denez geroztik gazteek gehiago irakurtzen dutela. Beste kontu bat da zer irakurtzen dugun eta zenbateko arreta eskaintzen diogun pantailan begi aurrean daukagun horri. Horregatik, paperean edo pantailan izan, eskaintzen dugun horrek lehenik eta behin erakargarria izan behar du, interesa pizteko. Aberasgarria ere bai noski, eta erabilgarria, bide berriak zabaltzeko eta gazteak martxan jartzeko baliagarria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button