BERTSOTAN

Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau

Gaur berton, abenduak 4, EHUko Euskara Zuzendaritzak, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatuta, Bertsozientzia ekimenaren saio bat egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, 19:00etan.

Jakinduriek mundue erreko dau lelopean, bertsolariak eta zientzialariak bilduko dira aurrez aurre, eta kasu honetan, Cecilia Fernández, Oier Pedrera eta Aloña Aldasoro ikertzaileek jorratutako gaiei Iruri Altzerreka eta Julio Soto bertsolariek bertsoak jarriko dizkiete.

Cecilia Fernández Hizkuntzalaritzako doktoregaia da EHUn eta Pau eta Aturrialdeko Unibertsitatean, eta hizkuntzen zailtasunaz hitz egingo du. Ikuspegi zientifiko batetik Hizkuntza bat zaila izan daiteke? galderari erantzungo dio.
Oier Pedrera, berriz, Zientzien Hezkuntzan doktoregaia da eta mendi eta basoetan pertsona askok duten landareekiko itsutasunaz hitz egingo du Ikusezina da berde kolorea? hitzaldian.
Aloña Aldasoro Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia sailean tesia egiten ari da, eta bera txakurren jatorriaren inguruan arituko da, Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena berbaldian.

Gai horien gainean bertsotan arituko dira Iruri Altzerreka eta Julio Soto bertsolariak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button