Bertsogintza Gipuzkoako adineko egoitzetaraino helduko da aurten ere, eta horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk 30 saio antolatu dituzte egitasmoaren bederatzigarren edizioan. Ekimena arrakastatsua da, eta gero eta egoitza gehiago dira saio hauetan parte hartzen dutenak, izan ere, bertsolaritzaren potentzial terapeutiko eta ludikoa azpimarratzekoa baita.
Urriaren hondarretan abiatu zen ekimena, eta guztira 30 saio egingo dira Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan, bertsolaritzaren bidez “adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea” helburuak direlarik.
Saio bakoitzean, eskualde bereko eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte. Saio guztietan 34 bertsolari bilduko dira, tartean, Anjel Mari Peñagarikano, Maider Arregi, Eneritz Artetxe, Millan Telleria, Maddi Aiestaran, Aitor Sarriegi, Andoni Egaña, Ainhoa Agirreazaldegi, Unai Agirre, Nerea Elustondo, Oihana Arana, Xebastian Lizaso,….
Gainera, saio bakoitza hasi baino lehen, animazio eta dinamizazio-langileek egoitzetako egoiliarrekin egingo dute lan, bertso zaharrak eta abesti herrikoiak gogoan hartzeko. Antolatzaileen esanetan, “musikak eta bertsoek ez dutela soilik adinekoen memoria aktibatzen, baizik eta haien arteko interakzio soziala ere sustatzen” dute.