ARTEA

Euskararen arte-urak

Oihaneder Euskararen Etxeak Zaloa Ipiñaren Gorreri bisuala, Alfredo Hernandez “Zirika”-ren Hitz birziklatuak, eta Bigara bikotearen Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia lanek osatutako erakusketa abiarazi du Hiruerreketa. Euskararen arte-urak titulupean. Erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Euskal artea euskaraz zergatik ez? Eta zergatik ez euskararen inguruko euskal artea? Erantzun ezberdinak ematen dizkiete galdera horiei hainbat artistek, eta horietako hiru Oihaneder Euskararen Etxeak bildu ditu.

Hala, Zaloa Ipiñak Gorreri bisuala proposatu du. “Oraindik ere euskaraz bizitzeko ezintasunak direlako eta arte plastikoetan hizkuntza hau erabiltzeak dakarren deserosotasuna dela eta, Gorreri bisuala proiektuak, euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu, eta bai hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak”

Miguel Alfredo Hernandez Bustok Hitz birziklatuak osatu du. “Urteak daramatzat ingurune natural hurbiletan lanean, nik solasaldiak naturarekin deitzen dudana ezartzen. Elkarrizketa horietan hainbat elementu erabili oi ditut: sokak, botilak, manipulatutako elementu naturalak… Egiten nituen instalazioetan letrak era desberdinetan erabiltzen hasi nintzenean, Poesia esperimentala edo bisuala gurutzatu zen nire ibilbidean. (…) Euskara menperatu ez arren, euskara da nire lan-hizkuntza artean. Naturaren, aniztasunaren eta dibertsitatearekin defentsarekin bat eginez, euskarak ikur izaera hartzen du obran”

Azkenik, Abere ba: palindromo ilustratuen piztegia Bigara kolektiboaren sorkuntza da. “Proiektuaren ardatza euskarazko palindromoak dira; ezker-eskuin zein eskuin-ezker testuak eduki berbera dutenak. Euskarazko animalien izenetan badago erretrogrado eta palindromo meategi aberatsa eta horiek abiapuntu harturik, hitz eta letrekin mugagabe esperimentatu daiteke”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button