BERTSOTAN

“Basque. Bertsolaritza” liburua, berreditatuta

Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditatu den bigarren lana Basque. Bertsolaritza liburua da. Joxerra Garziak hartu du argitalpen berriaren ardura.

Bertsolaritzaren hainbat gako agertzen da lan horretan: bertsolaritzak gaur egun bizi duen egoera konplexua, bertsolaritzaren historia hastapen ilunetatik gaur egunera arte, eta modu orokorrean, bertsolaritza zertan datzan.

Liburuak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa zer den, eta bere inguruan sortzen den guztia ere agertzen du: errezitalak, txapelketa eta lehiak, bertso-saio libreak, bazkal-afalondoko saioak, ospakizunetan txertatutako saioak eta formatu esperimentaleko bertsogintza,…
Bertso eskolak ere agertzen dira duten garrantziagatik; “bertsolaritzaren irakaskuntza eskola arautuan eta fenomeno honen presentzia medioetan, idatzietan zein ikus-entzunezkoetan eta interneten.”

Beste atal batean bertsolaritzaren figurak nabarmentzen dira. Hasteko, Manuel Lekuonaren lana nabarmentzen da bertsolaritzaren errebindikatzaile gisa. Gero, pasa den mendeko lehen herenean nabarmendu zen bertsolaritza klasikoaren erreferente dugun Jose Manuel Lujanbio Txirrita hernaniarra aipatzen da, eta Gerra Zibilaren ondoren, Basarri eta Uztapideren lana aipatzen du Garziak, Lazkao Txiki eta Xalbadorrenarenaz gain. Geroago, bi bertsolari nabaritzen ditu: Jon Lopategi eta Jon Azpillaga, eta ostean, hurrengo hamarkadetan, Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren lanak.
Zerrenda luzatzen da gero: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jesus Mari Irazu, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Xabier Silbeira, Estitxu Arozena, Oihane Perea, Fredi Paia, Jon Martin eta Nerea Elustondo.

Berrargitalpen hori 2021ean zehar egingo da, eta hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button