IKUS-ENTZUN

Zinegoak Jaialdiko XII. edizioaren bihotzean

Gaur bertan hasiko da Zinegoak Jaialdia. Film interesgarri mordoa ikusteko abagunea izango duzue 26tik otsailaren 2ra egingo den Zinegoak Bilboko gaylesbotrans jaialdiaren XII. edizioan.

Zinegoak Jaialdiko XII. edizioaren zazpi egunetan, 100 ikuskizun inguru hurbilduko zaizkio ikusleari; horien artean 20 debaldeko emanaldiak izango dira; Arriaga Antzokian egingo den  Hasiera Ekitaldia ere debalde izango da.

Aurten, euskararen presentzia nabariago izango da, izan ere, lehiaketarako film laburren hiru ziklo osorik izango dira euskaraz, azpititulatuak.

Espazio kopurua ere handitzen da aurten, eta filmak Bilborock, Golem Alhóndiga, La Fundición, Fnac, Arriaga Antzokia, Cineclub FAS, BBK Aretoa, La Karpinteria de Histeria, Expogela eta Charadan ikusi ahalko dira.

Ohiko Ohorezko Sariaz gain, BitArt New Mediaren gerente Fernando Díez produktoreak Ohorezko Sari Berezia jasoko du. Aurten estreinatu diren hiru LGBT filmetan parte hartu du: A escondidas, Los tontos y los estúpidos, eta Vestido de Novia. Urte bakarrean LGBT gaia tratatzen duten hiru film estreinatzen dituen lehen produktore europarra da Fernando Díez. Otsailaren 1ean, BBK Salan, saria jasoko du, eta ondoren, Vestido de Novia proiektatuko da.

Off Zinegoak programak hiru film luze izango ditu lehen aldiz. Horretaz gain, +Off izango da aurten, eta hiru aktibitate proposatuko ditu: Carlos Copertonek komisariatutako  erakusketa Charadan; Bilbao Historikoren Zinegoak irudietan, Expogelan eta Wannabe Priscilla + Lola Rock’n rolla jaia Modesto tabernan.
Programazioari dagokionez, besteak beste, honako filmak ikusi ahalko dira: Israel Cárdenas-en eta Laura Amelia Guzmán-en Dolares de arena dominikarra, Geraldine Chaplin protagonista duena eta urtarrilaren 26an Zinegoak inauguratuko duena; Mario Fanfani-ren Les nuits d’été, Veneziako Jaialdian Queer Lion irabazi zuena, edo Askold Kurov-en eta Pavel Loparev-en Children 404, Errusiako gay eta lesbianen egoeraren inguruko dokumental dardaragarria. Pasoliniren gaineko (40 hil zela) ziklo bereziak eta Klasiko ezkutu argituak (Billy Wyler edo John Ford bezalako zuzendarien obrekin) izeneko zikloak osatuko dute programazioa.

Zinegoak 14 udalerritara joango da gero, Zinegoak Hedapena izeneko ekimenaren bidez, eta hala, Getxo, Leioa, Sopela, Durango, Tolosa, Berriz, Donostia, Sestao, Hernani, Errenteria, Basauri, Portugalete, Gernika eta Igorren ikusi ahalko dira filmik onenak.

Guztira, 3 obra eszeniko, 25 fikziozko film luze, 7 film luze dokumental, 36 fikziozko film labur, 12 film labur dokumental eta 14 obra esperimental eskainiko ditu aurtengo egitarauak.

Non, noiz eta zer jakin nahi baduzue: zinegoak.com 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button