BESTELAKOAK

Labayruren Hiztegi Fraseologiko Digitala

Gaur goizean aurkeztu da Bilbon hizkuntzarekiko grina sentitzen duen edonork eskertuko duen lana: Labayru Hiztegi Fraseologikoa.

Gaur goizeko aurkezpen zabalean Ziortza Eguren Labayru Fundazioko Lexikografia Saileko arduradunak eta Adolfo Arejita Labayru Fundazioaren zuzendariak hartu dute hitza, eta lan berriaren nondik norakoak eman dituzte. Eurekin batera Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua; Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako ordezkaria, eta Leire Aragón BBK Fundazioaren ordezkaria izan dira.

On line jarri berri den lana  fraseologiaren mundua sakon aztertzeko jaio da, eta behar den moduan, milaka lokuzio eta esaeren bilduma jasotzen da bertan. Guztira 3.500 lokuzio edo esaera batzen ditu, haien euskarazko 18.000 baliokidetza, 4.500 adibide eta 1.000 sinonimorekin batera.

Lan hau Labayru Fundazioak abiaturiko Labayru Hiztegiaren eta haren ondoren etorri zen Diccionario Labayru izenekoaren ostean etorri da, osagarri gisan, izan ere, bizkaierako eta euskara batuko lokuzioei buruzko informazio osatua ematen du hiztegiak, hala nola, adierak, kategoria eta azalpen gramatikalak, eta sinonimoak.

Adolfo Arejitak esan duen bezala, “lan hau hizkuntza aberastera dator, eta gure hizkuntza modu biziagoan erabili nahi dutenentzat -irakasle, itzultzaile, idazle-  pentsatuta dago”.

Hiztegia, Labayru Hiztegia/Diccionario Labayru hiztegiarekin batera, Labayru Fundazioak abiatu duen webgune berritu batean kontsultatu daiteke: hiztegia.labayru.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button