EZLEKUBAT

Kultur programaketak

EZLEKU BAT honi ekarpen xume bat egin nahi diot. Aspaldion kezkatuta naukan gai bati buruzko hausnarketa da: kultura-espresioen hedapena. Badirudi, hainbatek eta hainbatek gure herrian kultura aipatu eta goraipatu egiten dutela goi mailako baliotzat, baina, kultura-hedapen jardueretan, aldiz, arazo bat -edo zenbait- sumatzen dut. 

Gure hiri eta herri asko azpiegitura ugari eta zoragarriz hornituta daudela onar genezake. Honekin, agian batzuek beraien kontzientzia zuritu-edo egingo zuten, batez ere, administrazio aldean. Azpiegitura ederrak bai, eta zer kultur programaketei buruz?. Asko eta asko programaketarik gabeko edo programaketa antzua duten eremuak dira. Alferrik, beraz, azpiegitura. Izen handiek eskaintzen duten kulturak –eta, hartara, programaketari oihartzun dezentea lortzeko parada ematen diotenak- aurrekontu handiegiak baititu, sarri asko, inolako justifikazio artistiko bakoak.  

Kultur programaketaz arduratzen diren batzuk, atzerriko edo edonongo-edonor-edonola ekartzen saiatzen dira, jakina, dirulaguntza publikoaz baliatuz. Hau, neurri batean, eta kultur helburu jakin eta argi batzuekin eginez gero (plangintza) ongi egon daiteke, baina, era honetan jardunez gero segituan agortzen dira kulturaren xoxak. Are gehiago, xede bako kultur politikak zer lantzen du epe luzera begira? Edo, beste era batera esatearren, zein da honako jarduerek berton uzten duten ondarea?. Supeztak: uneko argi distiratsuak, zarata, eta ondoren, isiltasun bukaezina…. 

Gaiok baztertu barik, ni gehien kezkatzen nauena zera da: non aurki ditzakete bertoko artista berriek beraien lanak plazaratzeko aukera duinak? Ekimen pribatuari dagokio balio berriei esku ematea? Zenbait kasutan, ilusioz hornituriko pertsona eta taldeen ekimenez; hala gertatzen da, baina denbora pasatzen den heinean, kemena galtzen joaten da, arrakasta eta laguntzarik ezaren poderioz. Ezezagunak ez du eskaerarik. Honako produktuen kontsumo-errutinak sortu behar dira denboran zehar ekin eta ekinez. Uste dut alderdi honetan administrazioak lan serioagoa egin beharko lukeela, batez ere, sormena bultzatzeko beharrezkoa den epe luzeko ikusmirarekin. 

Bestalde, zaletuoi buruz ere zeresanik badago. Hemen mea culpa delakoa aitortzea ere badaukagu. Nora begira gaude patxadazkoak eta interesgarriak diren kultur programaketak eskaintzen zaizkigunean, maiz, aurrekontu txikiekin eta ahalegin pertsonal ugari isuri eta gero?. Mass media-k bultzatutako ekimenak derrigor nagusitu behar? Komertzialtasunak eta modak garaituko ote dute? Berbaz, asko eta asko, ez gara komertzialitatearen eta kultura-produktu masiboen zaletu amorratuak, baina, hori kontsumitzen dihardugu. Kultura ofiziala al da gure kultura guztia? Behetik gorako ekimenek ez al daukate lekurik eta laguntzarik? Inbertsio potoloak erakarri ditzaketenek bakarrik jaso behar dituzte laguntzak, ala? Ez ote diegu oihartzunik eta jaramonik egingo ernetzen ari diren kultur kimuei? 

Betidanik berrikuntza eta ekimen aberatsenak, hortxe, oinarrian sortu izan ohi dira, eta hau, epe luzera bideratutako ekimenekin landu daiteke soilik.

Four Friends musika taldeko kidea

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button