MUSIKA

Keia taldearen lehenengo lana: “Erregaia”

Zarautz eta Oñatiko musikariak bildu dira Keia taldea osatzeko. Ane Arruti zarauztarra da burua eta bere kantuak dira oinarria. Orain talde horrek Erregaia lan luzea plazaratu du.

Ibilbide zabaleko musikariek (Egoitz Olalde baterian, Iñigo Ibarrondo baxuan eta Iker Martinez de Zuazo gitarran), Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal taldeetan aritutakoek, hamar kantu bildu dituzte estreinako lan horretan.

“Keia edo kea bada nonbaiten sua dagoenaren seinale. Askotan gure barruan ditugun su edo suteak identifikatzea edo izendatzea kosta egiten zaigu baina kea beti azaleratzen da. Gure barruko su ezberdinen keia dira kantuak eta, Erregaia-rekin, su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz”, azaldu dute.

Diskoan antzeman daitekeenez, kantuek oinarri erritmiko indartsua dute eta gitarren presentzia handia da. Rocka lantzen dute eta kantuetan nabarmenak dira 90eko hamarkadako rock alternatiboaren ukituak eta baita pop, stoner, garage edo sikodelia zantzu batzuk ere.

Grabazioa Iñigo Irazokiren Atala Estudioan (Bera) egin da, 2021eko azaroa eta abendua bitartean. Nahasketak ere Iñigo Irazokik egin ditu eta urtarrilean Jonan Ordorikak masterizatu du diskoa Azkarateko Mamia estudioan.

Hitzei dagokienez, ia letra gehienak Anek idatzitakoak dira, eta gainerako biak Jon Garmendiarenak dira. Taldearen argazkia Ibai Arrietarena da, diskoaren diseinua, berriz, Iñaki Landa Portugaleteko ilustratzailearena da.

Taldea laster batean hasiko da zuzenekoekin. Lehena Oñatin, Antixenako gaztetxean, otsailaren 12an, Ginger taldearekin batera. Otsailaren 18an, Zarautzeko Modelo aretoan izango dira. Eta martxoan bi saio, Orioko Etxeluze gaztetxean, 11an, eta Getariako gaztetxean, 25ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button