ARTEA

Asier Gogortzaren “Muga” argazki erakusketa, Azkaine eta Beran

Urriaren 28tik azaroaren 12ra arte, Asier Gogortzak Muga argazki erakusketa abiatuko du Azkaine eta Bera herrietan.

Erakusketaren harira, argazkilariak oso hausnarketa interesgarria plazaratu du: “Muga marraren gaineko esplorazio geografikoa da lan hau. Muga tokietan paisaiaren eta lurraldearen artean sortzen den tentsioa neurtzeko saioa. Izan ere, marra fin eta zenbaitetan ikusezin hori da lurra lurralde bihurtzen duena, eta bi ideia hauen arteko talkak pizten ditu mugek sortzen dituzten gainerako tentsio guztiak”.

Baina mugak existitzen al dira? Beti izan ditugu hor? Hauxe dio egileak: “Mugak ez dira betidanik hor eta ez dira beti berdin. Ezagutzen dugun paisaia ere aldatu egiten da, aldatu egiten dugu. Alde horretatik, mugak eta paisaiak kontzeptu arbitrarioak dira biak ala biak, gizarteen arabera aldatzen direnak. Norbanakoen artean ere modu desberdinean ulertzen ditugu bi ideia horiek”.

Lanean hasi zenean baldintza berezi bat jarri zion bere buruari esperimentu arina izan ez zedin: “2014an lan hau egiten hasi nintzenean, baldintza bat jarri nion nere buruari: irudi bakoitza egiteko momentuan argazki makinak muga marraren gain-gainean egon behar zuen nahitaez”.

Hala ikuspuntu eta teknika desberdinak erabilita, egileak baldintza hori errespetatu du eta ondorioz, “irudietan agertzen diren paisaia guztiak erdi-erditik zatitzen ditu mugak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button