ARTEA

Aryz, Axel Void eta Sebas Velasco hiri-artistak, Bilbon

Bilboko SC Gallery-k Aryz, Axel Void eta Sebas Velasco artista urbanoen margolanak bildu ditu No + de 30 izenburuko erakusketa kolektiboan. Hiru hiri-artisten obrak ikusgai daude 2015eko martxoaren 2ra arte.

Aryz kaliforniarra da, Palo Alton jaio zen 1988an, baina egun, Bartzelonan bizi da. Arte urbanoari buruzko makina bat jaialdi eta ekitalditan parte hartu du, mundu osoan. Teknika anitz jorratzen ditu, baina formatu handiko muraletan bere gaitasun piktorikoa nabarmentzen ari da. Artistaren hitzetan, pintatzea gustuko du, gustura sentitzen da, eta ondorioz, bestelako diziplinetan baino hobe ari da.

Axel Void ere estatubatuarra da, Miamin jaio zen, 1986an; halere, tarte handiak igaro ditu Haitin eta Andaluzian. Graffiti-egile eta arte urbanoko artista, pintore bikaina da. Halere, hamaika teknika jorratzen ditu: instalazioak, bideoa, soinu-grabaziok, muralak… Esparru psikologikoan eta gizartean aurkitzen dituen gai deserosoak lantzen ditu bere obran, edertasunez eta ironiaz jantzita.

Azkenik, Sebas Velasco Burgosen jaio zen, 1988an, eta EHU/UPVn pintura ikasi ostean, ilustrazioko ikasketak egin zituen Bartzelonan. Hainbat erakusketa egin ditu Espainia, Alemania eta AEBetako galerietan. Kaleko artea ere lantzen du, izan ere, bere obraren zati bat Europako hainbat hirietako hormetan utzi du. Egun, graffitiari buruzko Around the Wall izenburuko pintura-ikerlana garatzen ari da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.