ESZENA

Huts Teatroa plataformak “Etxekoak” aurkeztuko du Bilbon

Huts Teatroa plataformak Etxekoak izeneko obraren estreinaldia egingo du Arriaga Antzokian. Bihar, azaroaren 18an, bi emanaldi egingo ditu, bat 11:00etan eta bestea arratsaldeko 20:00etan.  Etxekoak Jon Gerediagak sortutako antzezlana da, eta Ander Lipus, Kristiane Etxaluz, Javier Barandiaran eta Maika Etxekopar oholtzaren gainean gorputzen duten antzezleak.

“Lana esperientzia pribatu eta pertsonal batetik abiatzen da. Ni neu kanpoko pertsona batekin maitemindu nintzen, eta sekulako arazo burokratikoak gainditu behar izan nituen, pertsona hori hona ekartzeko”, azaldu du Lipusek. “Dena arazo irrazional bilakatu zen, nahiz eta obra, azken finean, maitasun istorio bati buruzkoa den”.

Etxekoak gizarteak eta egungo estatuek sortu eta eraiki dituzten mugak eta lege zentzugabeak kritikatzen dituen antzezlana da, “baina haratago doa, izan ere, guk euskaldun bezala gure aurrejuzguak baditugu, besteak ere onartu ahal izateko gure barruko mugak gainditu behar ditugu”.  Zehatzago esanez: “Gaur egun zer da etxekoa edo kanpokoa izatea? Dena hemengoa da edota inbasiboa ere izan daiteke? Horretaz guztiaz gogoetatu nahi izan dugu lan honen bidez”, esan du Lipus zuzendariak.
Horrela, istorioaren planteamendua oso esanguratsua da, eta bi esalditan laburbil daiteke: Inor ezin da etxean sartu, hori dio legeak. Maddik Mamadou maite du, hori dio bihotzak.

Lanak abiapuntu sinplea dauka, Maddi neska euskaldun gaztea da eta orain bidaia batetik dator, eta etxean Mamadourekin maiteminduta dagoela esango du, eta ondorioz etxera ekarri nahiko du pertsona hori, “baina hori ez da hain erraza izango” esango dio bere osaba Goiok, izan ere, “burokrazia, administrazioko paperak, etengabeko joan-etorriak, elkarrizketak kontsuletxean… erabateko erokeriaz eta absurduz betetako urteak eta urteak pasa baitaitezke”.

Maitasun istorio bat da, finean, Nafarroako Arizkun herrian gauzatzen dena, imajinario eder batean, baina etxe batean, dena etxe barruan, non neska protagonistak maitasun aire bat sarrarazten duen.

Emanaldi batzuk egin dituzte dagoeneko, baina hemendik aurrera, eta ia maiatza, bitartean herri asko bisitatuko ditu obrak. Jakin nahi baduzue non ikus daitekeen jo hona: etxekoak 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button