LITERATURA

Gutun Zuria edo Nazioarteko Letren Jaialdia

Irakurle/idazlearen elezaharrak lemapean abiatuko du Alondegiako kolektiboak aurtengo Gutun Zuria letren gaineko ekimena. Hala, idazle gonbidatuek (asko eta puntakoak) noiz eta nola egin zuten irakurketatik idazketarainoko saltoa azalduko dute. Bilboko Alondegian egingo den Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia apirilaren 11etik 21era bitartean luzatuko da. Aurtengoa seigarren edizioa da.

Bilbotik agertuko diren idazleen artean, 2008 urtean Letren Asturiasko Printzea Saria izan zen Margaret Atwood dugu.  Berak inauguratuko du jaialdia apirilaren 11n. Hurrengo egunean, apirilaren 12an, Alberto Manguel idazle, editore eta literatur kritiko argentinar-kanadiarra idazketa arteari buruz arituko da.
Apirilaren 13an Héctor Abad idazle kolonbiarraren txanda izango da. Margo Glantz idazle, irakasle eta kazetari mexikarrak apirilaren 18an egingo du bere  hitzaldia. Herrialde honetako idazle esanguratsuenen artean kokatzen da.
Jaialdiaren azken txanpan, John Banville idazle irlandarraren pentsakizunak zer-nolakoak diren jabetzeko aukera egongo da.

Euskal ordezkaritza ere izango du aurtengo Gutun Zuriak. Hala, ipuingintza maisuki landu duen Iban Zaldua idazlea Pedro Ugarterekin izango da apirilaren 14an. Jardunaldi hau itxiko da Eider Rodriguez idazle, kazetari eta gidoilaria eta Idurre Eskisabel kazetariaren arteko solasaldiarekin.

Apirilaren 19ak, Harkaitz Cano idazlearekin egoteko parada eskainiko du. Gipuzkoarraren Twist nobelak Euskadi Saria 2012 irabazi du. Idazleak Goizalde Landabaso kazetariarekin berba egingo du. Honen ostean, Harkaitz Canok eta Oskar Alegria zinemagileak Emak Bakia! dokumentala aurkeztuko dute. Azkenik, Maialen Lujanbiok (bertsolaria) eta Xabier Erkiziak (musikaria) elkarrekin sortu duten Txori mugariak izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute.

Apirilaren 21ean, igandea, Gutun Zuriaren amaiera etorriko da Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarrarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button