ESZENA

“Udaberriko Antzerki Aroa” programa bihartik aurrera, Nafarroan

Iruñeko Udalak antolatuta eta Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Udaberriko Antzerki Aroa programa apirilaren 27, maiatzaren 11 eta 18an gauzatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Bertan, hiru antzezlan ikusteko parada izango da. Emanaldiak 19:00etan izango dira.

Antzerki Aroaren lehen egunean (bihar), Tartean Teatroak Alderray izeneko obra egingo du. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako muntaia berria da, eta bere protagonistak Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre dira. Alderrayk bere buruaz dio: “Pertsonaien ehiztaria naiz. Eta istorio kontalaria. Eta eskale erraria naizela uste baduzu ez zara oso oker ibiliko ere. Nire ofizioa maite dut eta bere arauak errespetatzen ditut. Nik ez dut pertsonaiarik asmatzen, kontatzen dudan guztia benetan gertatu da, hiri honetan eta gaur egun. Ez naiz fikzio zalea”. Eta Morroiak ere beste zerbait dio: “Txikitatik entzun ditut Alderrayren narrazioak. Istorio horiek sakonki hunkitu ninduten. Nire bizitzaren jabe izateko adina bete nuenean, haren bila abiatu nintzen, ofizioa bere ondoan ikasteko. Orain Alderrayk zauria dauka ariman, eta nik badakit zergatik. Kontuak garbitzeko ordua da”.

Maiatzaren 11n, ATX Teatroak Lubaki lainotsua egingo du. Lanaren nondik norakoak adierazterakoan honako letren bidez egin dute taldekideek: “Historian zehar gure arteko jakinduria bide desberdinetatik burutu egin da. Gehienetan ahozko transmisioaren bitartez. Jakinduria horren transmisioak hil ala biziko garrantzia du, izan ere, ez dira bakarrik kontzeptu praktikoak zabaltzen, baizik eta etika bat, ikuspegi bat, ikusteko eta interpretatzeko modu bat. Kasu guztietan oztopo natural bat egon da, ekidinezina eta behar beharrezkoa. Belaunaldien arteko talka. Proiektu honen helburua gatazka honen garrantziaz jabetzea da”.

Azkenik, maiatzaren 18an, Kamikaz Kolektiboa & Ttak Teatroak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi eskainiko dute. “Esmeralda, Ines eta Ursula, arratsaldero, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelez betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button