
Inge Mendioroz Ibañez andoaindarrak zuzendutako Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako izeneko dokumentalak 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira sailaren ateak zabalduko ditu, eta irailaren 19a eta 20a bitarte hiru emanaldi izango ditu.
Dokumentalak “Lurdes ezagutu eta bere lana erakustea du xede, eta hainbat gai lantzeko bidea ere eman dio Inge Mendioroz Ibañez egileari: emakumearen papera gure historian, erreferenteen beharra norberaren identitatea sortzeko… Izan ere, zein arrazoi egon liteke Lurdes bezalako emakume batek egindako lan handia ez ezagutzeko? Nahita ala nahi gabe ezabatu, ezkutatu eta isildu al da? Egilearen ustez, nekez uler daiteke eta halako hutsik”.
Inge Mendioroz Ibañez zuzendariaren sorkuntza da eta Idoia Garzes Aldazabal idazlearena da gidoia. Haritz Arrizabalaga Garmendia aritu da argazki-zuzendaritza lanetan eta Koldo Corella Ugalde arduratu da soinu-diseinuaz. Inge Mendiorozek berak burutu ditu muntaia-lanak, eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariarenak dira doinuak.
Aktore taldea Ihintza Alkainek, Leire Leizaolak eta Shakti Olaizolak (Irakurriz antzezlana) osatu dute. Filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda hauxe da: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.
Diogun moduan, filma 73. Donostia Zinemaldiaren Zinemira sailaren parte izango da eta Irizar Saria eskuratzeko hautagaia ere izango da.