LITERATURA

Emakumea, immigrazioa eta konpromisoa

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Najat El Hachmi eta Karmele Jaio idazleak elkartuko ditu bihar, ostegunean, hilak 3, Emakumea, immigrazioa eta konpromisoa hitzaldian. Aurtengo Liburu Azokaren programazio bereziaren barruan, 19:00etan hasiko da hitzordua, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.

Topaketa horretan “zainketei buruz hitz egingo dute, beren liburuetan agertzen den familiari laguntzeko sentimenduari buruz eta emakumeei rol tradizionala onartzen ez dieten zainketei buruz”.

Najat El Hachmi (Marruecos, 1979) Bartzelonara joan zen bizitzera gaztetan. Arabiar Filologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta kultura bitartekari eta harrera teknikari izan da, idazketan buru-belarri hasi aurretik. Bereak dira El último patriarca, La cazadora de cuerpos, La hija extranjera eta Madre de leche y miel. 2019an Siempre han hablado por nosotras manifestua argitaratu zuen.

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) egungo euskal idazlerik onenetakoa dugu, eta makina bat lan plazaratu ditu, tartean, Amaren eskuak (2006, Elkar), Musika airean (2010, Elkar), eta Aitaren etxea (Elkar, 2019). Poesia-liburu bat ere badu, Orain hilak ditugu (2015 , Elkar).
Amaren eskuak eleberriak harrera ona izan zuen, sari ugari jaso zituen eta hainbat hizkuntzatara itzuli da. Ingelesezko bertsioak English Pen Award saria jaso zuen 2018an; zinemara ere egokitu zen, eta Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioan aurkeztu zen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button