EZLEKUBAT

Usoa Fullaondo: “Artea niretzat, bizitzeko bidea da”

Usoa Fullaondo (Getxo, 1979) artista eta EHUko Arte Ederren fakultateko margo irakaslea da. Ibilbide artistiko-profesional oparoa jorratua du: BILBAOARTE, ERTIBIL eta INJUVE sariak jaso ditu, bere lana Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan aurkeztu du eta taldeka zein bakarkako hamaika erakusketatan parte hartu du, azkenengoa “On the road” izenekoa, Rekalde aretoan 2010 urte amaieran. Usoak bere tailerrean hartu gaitu arteaz, bizitzaz eta proiektu berriez hitz egiteko.

Zoriari buruzko tesia ilustratzeko collage-a, mundu misteriotsu batetara saltoa adierazten duena.

Zergatik bilakatu zinen artista?
Ba betidanik, txikitatik gustatu izan zait gauzak sortzea, irudikatzea…. Baina nik ez nuen inoiz erabaki artista izatea. Gertatu zen zerbait izan zen. Diseinua ala errestaurazioa egin nahi nituen baina gero karreran margoarekin engantzatu nintzen, erakusketak egiten hasi nintzen eta konturatu nintzen tailerreko lana atsegin nuela.

Zein da zure ustez gaur egun artistaren papera?
Alde batetik errealitatean gertatzen denaren ikuspuntu bat eskaintzea da eta bestetik, ikuspuntu hori ahalik eta pertsona gehienengana heltzea. Arteak ez du hertsia izan behar, artea jendeari bizitzaren inguruko ikuspuntu ezberdinak eskaintzea eta pentsatzeko aukera bat ematea baita.

Zure ibilbide artistikoan zein eragin aipatuko zenituzke?
Ba eragin garrantzitsu ugari izan ditut, garaiaren arabera. Nire karreran, oso garrantzitsuak izan ziren espresionismo abstraktua eta surrealismoa. Geroago tesiaren alde teorikoa egitean Wagensberg, Nietzsche… Azken honen espiritu apolineo eta dionisiakoaren kategoriak nire obra guztiaren azpitik daude.

Nietzscheren iritziz arterik gabe bizitza akats bat zen. Zuretzat ze lotura dago artea eta bizitzaren artean?
Erabatekoa, eta gero eta gehiago. Artea, filosofia edo zientzia bezala, mundua ezagutzeko modu bat da; nik egiten dudan gogoeta da materiala den zerbaitetan proiektatuta. Gainera laguntzen dit benetako Usoa ezagutzen. Hortaz, niretzat artea bidea da, bizitzeko bidea.

Zure doktoretza tesia zoriak artean duen paperaren ingurukoa da. Ze paper jokatzen du zoriak prozesu artistikoan zein bizitzan?
Niretzako sormena ez da bakarrik zoria, batzuetan bai, baina gehienetan ez. Eta zoria agertzen ez denean artistak eskubidea dauka zori hori bultzatzeko. Era berean, bizitzan gertatzen denaren aurrean erabakiak hartu behar ditugu. Hau da, zoria sormen prozesuan zein bizitzan tentsio bezala ulertzen dut, gertatuko dena ez jakitearen tentsioa. Eta azkenera arte iraun behar du.

Artista askok hasieratik argi dauka lortu nahi duen helburua eta hori lortzeko metodorik egokiena erabiltzen du. Nik ezin dut horrela lan egin. Toki batetatik hasten naiz, gero adarkatu egiten naiz … Niretzako sormen prozesua jolas bat da, zeinetan ez dakizun zer gertatuko den.

Usoaren tailerra. Ormako hankak koadro baten adarkatze bat dira.

Flicker-en oso obra ezberdinak aurkezten dizkiguzu. Ba al dute elkarrekin loturarik?
Bai, kontrakoa eman dezakeen arren, nire ibilbidea koherentea izan da. Ba, beti egon da antzinakotasunerantz begirada bat. Materialitatea beste lotura bat da, papera eta kartoiarekin gauza pilo egin ditut, eta nola ez, margoa. Margoarekin egiten dut lan beti. Bestalde oso bidimentsionala naiz, paretan jartzeko gauzak egiten ditut. Eta azkenik, obra alaia da baina agian zerbait zikina ezkutatuz.

 

2004ko zirko bat.

Zein da gaur egun EHn artearen egoera? Ze alde on eta zein txar azpimarratuko zenituzke?
Alde onekin hasiz, harrobi ona dago eta perspektiba ezberdinak. Badago euskal arte ofizial bat, Oteizak eta Txomin Badiolaren ildotik doazen artista gazteek osatua. Haien artean badaude proposamen oso onak eta txarrak. Merkatu ofizial horretatik kanpo eta barne, Aitor Lajarin, Manu Muinategiandikoetxea, Abigail Lazkoz, Nadia Barkate eta Kiko Perezen lana oso gustuko dut. 

Alde txarrari dagokionez, intrusismoa aipatuko nuke. Erdi-disenatzaile askok artistatzat aurkezten du bere burua. Beno, kontuz. Egia da artean perspektiba anitzak eta subjektibotasuna daudela, baina objetibotasuna ere bai. Denak ez du balio.

Orain gutxi erakusketa bat bukatua duzu. Zeintzuk dira etorkizunari begira dituzun proiektuak?
Momentu honetan collagen publikazio bat egin nahi dut, “My Bad My Good” izenarekin. Izenaren atzean dagoen ideia da gauza txarretatik gauza onak ere atera daitezkeela. Collage-ak aurkezteko  Txus Melendezi testu bat idaztea eskatu diot eta ni zirko itxurako kaligrama batean nago lanean. Orain tailerreko lana egiteko gogo izugarriak ditut.

Emakumea da collagen protagonista nagusia.

Honatx, Nagore Portillo kolaboratzaileak propio eginiko bideo-elkarrizketa.




Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button