
Malkei Orbarako Musika Jaialdia egingo da uztailaren 17an eta 18an, Eginoa plazan. Aurtengoa bigarren edizioa egingo dute, eta kartel interesgarria ondu dute antolatzaileek: uztailaren 17an, Banu Quasi taldeak joko du, eta uztailaren 18an, egitaraua oparoagoa izango da: Aimar Karrika bertsolaria eta Amorante, German Carrascosa y la Alegría del Barrio, eta Jupiter Jon taldeak.
Amorante Iban Urizarren (Andrakan, Rafa Rueda, Cafe Teatro, Bizarra, …) proposamen berria da. “Folk kutsua ateratzen du ahotsa gitarra espainolaz, harmoniumaz, perkusioz eta tronpetaz jantzita. Aspaldiko kopla, flamenkoa, Afrikako musika eta orokorrean tradizio anitzeko musika jorratzen du. Biluzia eta sakona”.
Bidasoa aldeko Jupiter Jon, berriz, Euskal Herriko talde interesgarrienetarikoa da. 2011n Pleiztozenoko Astelehenak disko bikaina argitaratu zuten Bidehuts markapean. Bidehutsen webgunean jasotzen denez, “(…) espiritu tribalari jarraiki lortu du laukoteak pertsonalitate erraldoi hori. Ematen du Aidak haitzulotarrengandik jaso dituela bateria jotzeko irakaspenak. Tinbal eta danbor hotsak eragiten ditu erritmo sinkopatuak josteko. Baxik eta Nereak, halaber, ñabardurez beteriko gitarra joko sotilak gauzatzen dituzte, maiz disonantziez lokaztuta agertzen diren arren, eta Joxek, berriz, saurioaren taupadak bultzatzen ditu lau sokekin”. Egun, lan berria prestatzen ari dira.
Amaitzeko, German Carrascosa Jugos Lixiviados eta Bananas taldean aritutako musikari nafarra da. Duela gutxi, Hay un lugar izenburuko LPa argitaratu du. Diskoan, askotariko soinuak biltzen dira: pop melodiak, rock-ad-roll txatarzalea, Nafarroako jotaren eraginak eta rockabilly zaharra. Oraintsu, zuzenean ikusteko aukera izan dugu, eta aho bete hortz gelditu gara.



