MUSIKA

Mila kontzertu gogoan

Hamabost urteko ibilbidean buruturiko mila kontzertuak behar den moduan ospatzeko, Travellin’ Brothers taldeak 1001 Nights izeneko lana plazaratu du. Diskoa joan den urteko abenduaren 18an, mukuru zegoen Arriaga Antzokian egindako zuzeneko kontzertuaren grabazioa da. Diskoa bikoitza da, eta gainera DVD dakar.

“Ospakizun-kontzertua nahi genuen, 15 urtez oholtza gainean asko dira, eta ospatu nahi genuen. Emozioz beteriko kontzertua izan zen, hantxe gure ibilbidean izan ditugun lagun asko baitzeuden. Gainera mila kontzertu egin ditugu, eta puntu horretara helduta, disko berezia nahi genuen”.

Hamabost urtetan zortzi disko grabatu dituzte, eta nazioarteko (AEB, Europa, Espainia,…) eta bertoko txoko askotan egindako kontzertuak mila dira dagoeneko. Gainera maila handiko beste musikari ospetsu askorekin egin dute lan, eta horrek publiko zein kritikaren onarpena eta mirespena ekarri dizkie.

1001 Nights lana sarrera bakarrean izan zen grabatua, tranparik gabe, erabateko zuzenekoan, eta sold out handi batekin. Eta esperimentu hartatik disko eder bat atera da. Lan horretan 16 kanta bildu ditu taldeak, bandaren ohiko kantak, ibilbidean zehar maiz kantatu dituztenak. Horiekin batera azken diskoko kantak ere haizatu zituzten. Gonbidatu berezia izan zen bertan: Earl Thomas. Bere soinu batzuk ere interpretatu zituen Travellin’ Brothers taldeak. Eta azkenik, ineditoak diren beste kanta batzuk ere plazaratu dituzte lan berri horretan.

Lan hori ezagutzera emateko xedez bira handiari ekingo diote datorren hilean. Caceres da lehen hiria, baina gero Basauri (urriak 5), Ermua, (urriak 10), eta Leioa (urriak 18) bisitatuko dituzte. Udazkenean AEBtara joango dira.
Urtarrilean, Euskal Herriko hiriburuak bisitatuko ditu taldeak: Donostia (urtarrilak 25), Iruña (urtarrilak 30), eta Bilbo (urtarrilak 31, eta otsailak 1). Azken kontzertu hori Bilboko Kafe Antzokian egingo dute eta jendez beterik egotea espero dute.

Travellin’ Brothers taldearen gaineko informazio guztia, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button