ESZENA

“Agur eta dolore” antzezlana ikusgai, Aiaraldea Ekintzen Faktorian

Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, igandean, 18:00etan hasita, eta Antzerkia eta Txokolatea zikloaren barruan, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias aktoreek gorpuzten duten Agur eta Dolore antzezlana ikusteko abagunea izango da. Amancay Gaztañagak zuzendutako lan horrek Bilboko Pabellon 6 aretoak emandako Kriseilu Saria irabazi zuen 2018an, euskarazko lan onenari.

Aktorek honela kontatzen dute lanaren sorburua: ““Ikuskizun baten ondorenean jarri zen Agur eta Doloreren hazia. Miren Gaztañaga eta Iraia Eliasek bertan egin genuen topo ikusle bezala eta ikuskizun horretan ikusitako hainbat ezaugarrirekin zerbait egiteko gogoa sartu zitzaigun. Aitzakia bat behar ordea elkarrekin zerbait sortzeko, eta orduan agertu zen Pabelloi 6ko antzerki laburraren jaialdirako deialdia. Bi aldiz pentsatu gabe helburutzat hartu eta hainbat gosari eta kafe hartze aprobetxatu genituen kulturaren inguruan bizitakoak eta hausnarketa ezberdinak proiektu batean aurkeztu eta deialdian izena emateko. Testu zehatzik gabe, ideia nagusiak eta inspirazio iturri ezberdinak erakutsiz eta lan metodologia aipatuz.
Bertan aurkeztu ziren proiektuetatik aukeratuak izan ginen, eta beraz, buruan bueltaka genituenak taularatu behar genituen, bai ala bai, eta dena 20 minutu eskasean. Orduan jo genuen kanpo begiradan laguntzeko konplizearengana. Gure inprobisazio eta ideiak ordenatzen lagunduko zigun pertsonarengana, zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez ikusten eta zehazten lagunduko zigunarengana. Amancay Gaztañaga eta hirukoa osatuta, errez joan da sormenaren bidaia, gozagarri eta umorez.”

Iraia Elias zarauztarra Amama filmean egindako paperagatik, Goya sarietarako hautagai izendatu zuten 2016an. Miren Gaztañaga irundarra Antzerkiola Imaginarioaren taldekidea izan da Ander Lipusekin batera, besteak beste. Telebistan ere lan egindakoa da Martina programan eta Goenkale telesailean.

Emanaldi laburra (20 minutu) 18:00etan hasiko da, jarraian, txokolate bero bat eskutan aktoreekin solasaldia egiteko aukera izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button