ESZENA

“Eztena” arte eszenikoen jaialdia

Zizt! kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarrekin antolatzen duten Eztena arte eszenikoen jaialdia ekainaren 13tik 20ra egingo da Errenteria/Oreretan.

Pandemiak Eztena jaialdia baldintzatu zuen joan den urtean. Aurten, egoerara moldatutako egitaraua sortu dute, eta “urtero kale ikuskizunak, laborategiak eta esperimentuak egin ohi baditugu ere, aurten emanaldien programazioan jarri dugu energia osoa, Eztena bilakatu den erakusleihoari eusteko eta, ohiko moduan, antolakuntza mailan zein edukietan arriskuak hartzen dituzten proiektuei plaza bat emateko.
Hori izango da, hain zuzen ere, aurtengo jaialdiaren ardatza: egoera honetan ere, antolakuntza modu kolektiboen alde, ikerketaren alde, esperimentazioaren alde osatzen dituzte beren proiektuak talde, kolektibo eta sortzaile askok. Egun dauden eskaintzetan jarriko dugu arreta, zortzi egunez luzatuko den egitarauan”.

Ekimen asko izango dira, adibidez, arte eszenikoetako liburugintzaz. Hala, ekainaren 15ean, Eztena-liburuak kolekzioko ale berria aurkeztuko dute, egileen eskutik: Eider Perez Adeletx eta Sra. Polaroiska. Iazko edizioan, Sra. Polaroiskak Alamedako dantzaldia izeneko performance sonoroa egin zuen. Ekitaldi hura Errenteriaren 700. urteurrenaren harira antolatu zen, Eztenaren egitarauaren barruan.
Egun horretan bertan, Ganbila euskarazko antzerki bildumaren irakurketa dramatizatua eskainiko du Durangoko Karrika antzerki taldeak, Patricia Urrutiak zuzenduta. Ekainaren 17an, berriz, gogoeta egiteko beste aukera bat izango da: Maringurua saioan, Karanbola hirukoitza: emakumeen presentzia euskarazko eszenan liburuko hainbat kontu plazaratuko dituzte Eneritz Artetxek, Maider Galarzak eta Idoia Hernandezek.
Ekainaren 18an, Gasteizko lau konpainia gonbidatu dira, Orereta Meets Gasteiz izeneko saioan. Ekimenaren helburua “Gasteizko antzerki mugimenduaren lagin batzuk eskaintzea da, eta sortzaileen arteko elkar ezagutza bultzatzea”.

Hauek eta mila kontu gehiago Eztena jaialdian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button