
Gaztelupeko Hotsak zigiluak bost disko berri plazaratuko ditu udaberrian. Horietariko bat dagoeneko kalean da, Markos Untzetaren Mississippi lana, hain zuzen ere. Blues, gospel eta country musikaren lurraldera egindako bidaia da Mississippi.
Ekainera begira, berriz, zigilu gipuzkoarrak beste lau erreferentzia plazaratuko ditu: Reverendos, Preachin’; Paul San Martin, Tracks, Travellin´ Brothers Big Band, Leioan zuzenean; eta Moondogs, Thirty Roads. Guztiak musika beltzaren esparruan erroturiko lanak dira.
Hala, Reverendos 1997. urtean osatu zuten Igor Garciak (ahotsa eta pianoa) eta Alvaro Martinezek (gitarra). 40ko eta 50eko hamarkadetako soinu beltzak jorratzen dituzte, rockabillya eta swinga batertu barik, besteak beste.
Paul San Martin piano jotzaile donostiarra, aldiz, Stay Blues taldeko liderra da eta Tracks diskoan blues, gospel, kalipso, boogie eta antzerako doinuak bildu ditu.
Travellin´ Brothers Big Band, halaber, Euskal herriko blues talde garrantzitsuenetarikoa da. Ekainaren 18an Leioako Auditorioan izango da Big Band formatuan zuzeneko diskoa grabatzeko asmoz. Kaki Arkarazo teknikaria arduratuko da soinu grabazioaz.
Azkenik, Moondogs blues eta bestelako estilo beltzak jorratzen dituen talde galiziarra da. Javier Prado musikariaren inguruan osatua, Muddy Waters, Rory Gallagher edo Tom Waits musikariengandik edaten du.