
Morphinapolis izenburupean kaleratu du Governors taldeak bere laugarren diskoa, gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian, prentsaurrekoan aurkeztu dutena. Ekon edota Fjord bandetan ibilitako J. Sang (ahotsa) taldeko aitzindariak sortu zuen taldea Arrasaten, 2006an, eta harrezkero ibilbide oparoa izan du rock talde honek.
“Governors taldearen ezaugarririk argiena da bere musikaren intentsitatea eta kantu amorratuen bitartez komunikatzen duten jarrera baikor bezain sortzailea. Alde batetik, bere musikak rock indartsu, pisutsua, metalarekin nahasia datorren hori badauka, baina bestetik, ahotsa eta melodiak nahasiz abegikortasun puntu bat hartzen du”, aipatu du Ritxik, Baga-bigako ordezkariak.
“Diskoaren asmoa Frenetikodrome eta Collage lanen arteko nahasketatik sortu da. Aurrekoak baino gogorragoa izan daiteke, baina nabardura askorekin, soinu potentea eta melodiak nahasten baitira lan honetan”, aipatu dute taldekideek.
Eta hala da, Governors taldeak bi alde erakutsiko ditu orain. Alde batetik, indar kementsua, eta beste aldetik, melodia gogoangarriak sortzeko trebezia.
Usurbilgo Higain estudiora joan ziren diskoa grabatzera Haritz Harreguy teknikariarekin. Laguntzak apartekoak izan dituzte: Miren (Napoka Iria), Koldo Uriarte (sintetizadoreak, pianoak,…), Nestor Urdanpileta (diseinuak), Aitor Antruejo (gitarrak, konponketak), eta testuak Eider Zumalde, Aiert Goenaga, Mikel Etxaburu eta Iñaki Vinasprek idatzi dituzte.
Albistearen izenburuan esan dugun bezala, morfinaz beteriko gizarteari ez zaio lo egitea baino geratzen. Gizartea osatzen duen jendea geldo eta lokartua dago, eta hala, botereak nahi adina barrabaskeria politiko, ekonomiko eta sozial egiteko gaitasuna du. Horren kontra, Governors taldearen Morphinapolis diskoa terapia aktiboa da.
Jsang, Jorge, Pako, Heloy eta Urtzi zuzenekoetan jotzeko irrikaz daude. Zuek ere beren lan berria entzuteko gogoz bazaudete, apuntatu honako datak: azaroaren 30ean Donostian; abenduaren 21ean Durangoko Plateruenan; eta abenduaren 28an Atarrabian, Hatortxu Rock kartelaren barruan. Gero Arrasate, Bermeo, Madril, …
Aste honetan, gure posta zerrendan izena eman eta ematen dutenen artean, bi disko zozketatuko ditugu. Animo!