LITERATURA

Mugako kontakizunak, gaurtik aurrera

Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren VII. edizioa gaur hasi eta apirilaren 6ra bitarte luzatuko da. Aurtengo edizioa, Mugako kontakizunak lelopean abiatuko da, eta Matxalen Bilbaoren Self ikuskizunak hasiera emango dio.

Mugako kontakizunak kontzeptupean marra banatzaileak ikusaraziko dira, herstura eta bortxa baitakarte, eta era berean, identitatearen baieztapena. Hala, zentzu fisiko eta humanoan, Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko muga edo Afrikaren eta Europaren artekoa, presente egongo dira.

Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren VII. edizioan letren inguruko adituen presentzia garrantzitsua izango da. Aurten Literaturako hiru Nobel saridun izango dira: Gao Xingjian (2000), Orhan Pamuk (2006) eta Herta Müller (2009), eta beraien ikuspegiak aditzera emango dituzte.

Aurrekoez gain, Euskal Herriko nahiz nazioarteko beste idazle batzuk ere bertaratuko dira, hala nola, Ramon Saizarbitoria, Juan Goytisolo edo Claudio Magris . Lydia Cachok eta Sergio González Rodríguezek, Mexikoko mugetan emakumeen aurkako indarkeria nola bizi izan duten kontatuko dute, eta Juan Goytisolo, bestalde, erlijioen arteko gatazkez eta kulturen arteko talkez arituko da.

Euskal idazleen presentzia nabaria izango da aurten. Aipaturiko Ramon Saizarbitoriaz gain, Txomin Peillen ere bertan egongo da, baita Arantxa Urretabizkaia ere.
Beste aldetik, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen eskutik Jainko txiki eta jostalari hura aurkeztuko da.

Bestelako ekintza paralelo batzuk ere izango dira, hala nola, Irakurlearen ordua, non idazleak eta irakurleak elkarrekin egoteko parada eskaintzen den, edota zinema. Ikus-entzunezkoari dagokionez, Le deuil de la beauté (Edertasunaren dolua) izeneko lana pantailaratuko da.

Noiz, zer, eta nor, ikusi nahi baduzue, Alondegiaren webgunea bisitatzea duzue onena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button