LITERATURA

“Hamaika eta bat Ea poesiari”

Gaur goizean, Bilboko Cafe Bilbaon, Herrijari emon arnasa kolektiboko kideak bildu dira Eako Poesia Egunak ekimenaren nondik norakoak aurkezteko. Aurtengoa 11. edizioa izango da, eta uztailaren 11tik 13ra egingo da kostaldeko izen txikiko herrian, Ean.

Literaturaren ikuspegi dinamikoa eskaini nahi da egun horietan, molde finkorik gabe, eta sorkuntzaren inguruan; “giza sorkuntza irekia eta anitza, eta era berean, pentsamendu eta bide berrietatik abiaturik”, azaldu du Asun Landak.
Horrexegatik, poesiari lehentasun eman nahi diote, Ea herria poesiaren erakusleihoa bilaka dadin.

Ekitaldi berriak eta esperimentalak eramaten dituzte herrira, eta urte honetan publikatu diren poema liburuetako egileak ere gonbidatuko dira, errezitaldiak egitera. Eta literaturarekin adierazpide artistikoa nahastea ere bada, antolatzaileek duten helburuetako bat.

Aurten hitzaldiei lehentasuna eman nahi diete, egiten denaz, idazten denaz teorizatzeko, eta ildo horretan, Arestiren obraren berrirakurketa kritikoa ere antolatu da. Beste aldetik, generoaren ikuspegia oso interesgarria da, eta horren inguruan adituen hitzaldiak ere programatu dira.

Auzolanean egiten da antolaketa guztia, eta horrela herritarren, bisitarien eta idazleen artean oso harreman gozoa sortzen da.

Aurtengo egitarauan hauxe nabarmendu dugu: Lehen egunean, uztailak 11, Karmelo Landa eta Laura Mintegik Gabriel Arestiren Harri eta Herri: Nondik dator harria? izeneko hitzaldia egingo dute. Horren ostean, Gabrielen lekua sentikaria Rafa Rueda, Andoni Egaña, Oier Guillan, Alain Urrutia, Iraia Elias, Ainhoa Alberdi, Naia Membrillera eta Iban Urizar kideen eskutik.

Larunbatean, Eider Rodriguezek Itsasoa da bide bakarra izeneko hitzaldia egingo du, 11:00etan, Eskolondon, eta gero Koldo Izagirrek poema errezitaldia egingo du: Parisen bizi naiz. Bazkariaren ostean, Mikel Etxaburu, Mariluz Esteban, Jule Goikoetxea, Luis Garde eta Felipe Juaristik poemak irakurriko dituzte.
Eta gau partean, Imanol Epelderen Etxepare RAP eta Laida Azkonaren Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu ikuskizunak atondu dira. 23:30ean Joseba Irazokik kontzertua eskainiko du.

Azken egunean, uztailak 13, Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarte Arestiren imajinario poetikoa eta genero-eraikuntzak gaiari buruz  mintzatuko dira. 13:00etan, Bide Ertzeanek Kantu bat zure minari izeneko kontzertua egingo du, eta arratsaldean, Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek Hondakindegia poema errezitaldia egingo dute Natxituko bolatokian.

Bestelako informazioa, Eako Poesia Egunak ekimenaren webgunean begiratu ahal da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button