EZLEKUBAT

“Idazten duen edonork, barru-barruan darama sormena”.

Luis Gardek Xabier Lete II. Poesia Lehiaketa eskuratu zuen urtearen hasieran Eremuen Birkalifikatzea izeneko lanarekin. Hilabete batzuk lehenago, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Blas de Otero-Bilboko Uria 2012 Saria irabazi zuen idazle nafarrak, Maizter arrotza (Erein) lanarekin.
Eremuen Birkalifikatzea lan hori zertan den, bere ibilbide eta beste hainbat konturi buruz mintzatu gara berarekin.

Xabier Lete II. Poesia Lehiaketa eskuratu duzu. Ohiko galdera da sariak jasotzen direnean, baina zer dira sari hauek zuretzat?

Poz handia, noski. Poesia idazten eta argitaratzen dugunok, normalean ez dugu kasik harremanik irakurleekin, are gutxiago idazle euskaldunon kasuan.  Nik,  bederen, agian landa-eskualde batean bizitzeagatik, apenas ez dut jasotzen oihartzunik irakurleen aldetik, baldin eta oihartzun hori existitzen bada. Batzuetan, badirudi ezagutzen dituzun irakurle bakanak ez direla ausartzen iritzirik ematera-edo…  Lehiaketa batera bidaltzen baduzu lan bat, badakizu epaimahaikide diren irakurleek bederen kasu eginen dizutela, behartuta bada ere! (barreak).  Nahiz eta saria jaso ezean, iritzirik ez.  Baina idazlearen buru-estimarako sariak onak daudelakoan nago. Nahiko masokistak gaude batzuetan poetak, pixka bat ez alaitzeko berri onik heltzen denean.

Ikusten denez urte produktiboak dituzu azken hauek. Nola bizi izan duzu zure poema-produkzio hori?

Hagitz zentratua ibili naiz aspaldi idazketan.  Familia kontuak direla-eta, azken urteotan denbora libre gehiago izan dut irakurketari eta idazketari emateko.  Bestalde, bilduma bat bukatzeko lana nekagarri izaten da, zuzenketak eta azkenaurreko begiratzeak ez baitira inoiz amaitzen.  Egiten dudan promozio-lan exkaxa ere nekagarri zait.  Baina, nik erraten dudan bezala, poema edo liburu bakoitzak hurrengoa dakar.  Liburu bat bukatu ondoren beti daude bazterrean geratu diren poema batzuk, ideiak, zirriborroak… Eta hari haiei tiraka, pixkanaka berriz lanari.  Dena den, ez naiz egunero idaztekoa, poema solte gutxi idazten dut.  Testu gehienak proiektu batean sartu ondoren lantzen ditut. 

Nondik sortzen zaizu sorkuntzarako motibazio, indar edota bulkada?

Nire ustez, idazten duen edonork barru-barruan darama sormena; sortzen zaizkion ideiak eta sentipenak adierazteko beharra.  Edo adierazi baino gehiago, barneko mundu horrek bidaltzen dizkizun hitzei edo irudiei forma artistiko bat emateko beharra.  Joan-etorriko bidaia gisa dakusat prozesu hori.  Erreferentea, finean, inguruko errealitatea baita; eta sormenaren prozesuaren azken urratsean kanpora itzultzen da, transformatua, kanpoko mundu horrek egilearen gogoan sorrarazten duena.  Inspirazioa delakoa idazteko gogoa da.  Idazteko gogoa dudanean, edo proiektu batean sartuta nabilenean, begiak zabalduago eta belarriak erneago ditut, edozein esaldik  edo edozein irudik balio dezaketelako poema bat eraikitzeko.  Motibazioa, niretzat, egunero ikusten, entzuten, irakurtzen ditudan gauzetan aurkitzen dut, gizarte kontuetan, nire munduarekiko harremanetan, eta hortik sortzen zaizkidan hausnarketetan, ez Naturan edo kontzeptu filosofiko edo abstraktuetan.

Poemagintza hausnartzerako bazka da zuretzat, horretarako sortzen duzu? Hori da zure helbururik behinena?

Bai, argi eta garbi.  Dakizunez, orokorrean uste da poesia munduaren edertasuna-edo goraipatzeko erabiltzen dugula… Nik aldiro topatzen dut naturaren edertasuna,  jendearen edertasuna… Nor ez du hunkitzen egunsenti eder batek, edo mendian ibilera batek?  Baina emozio mota horrek ez nau idaztera mugitzen.  Munduari eta bizitzari buruzko sortzen zaizkidan galderek mugitzen naute idaztera.  Nork bere filosofia xumea egiteko esparrutzat jotzen dut poesia, nork bere galderei forma emateko lekutzat. Bestalde, niretzat poema izan daiteke galtzera kondenatuta dauden bizipen berezi batzuk gordetzeko leku bat. 

Orokorrean zeintzuk dira darabiltzazun poemetarako gaiak edota ideia nagusiak?

Nik erranen nuke errealitatean edo gure gizartean ongi enkajatzen galarazten nauen hura guztia izan daitekeela gaien edo ideien sorburua… Badakizu, Pessoaren desasosegua.  Nire iritziz, idazle baten gaiak nahi gabe sortzen direnak dira; obsesioak, beraz, gaiak baino.  Nire idazketan: gaurko gizakiaren hustasun, edo biluztasun morala eta ideologikoa; utopia erlijiosoen, sozialen, nazionalen, ekonomikoen hondoratzearen ondorio direnak… Bakardadea baino gehiago, gaurko gizakiaren hauskortasun emozionala, erreferenterik gabeko eta helburu pertsonalik eta kolektiborik gabeko bizimodua… Gure umezurztasuna, hitz batean.  Hortik ere nire etxegabetasunarekiko tema hori… Haratagoko paradisua aspaldi galdu genuen, baina gerora asmatu genituen paradisu terrenalak ere galdu ditugu, edo nahi bada, gainera erori zaizkigu.  Nork erranen luke benetan aberrian, gizarte sozialista edo “libre” batean sinesten duela?  Nor da, hemen eta orain, horrelako ideiekin bere hutsunea betetzeko gai? Hortik abiaturik, zer esanahi dituzte gure eguneroko saioek eta borroka txikiek?  Esanahi horiek asmatu nahian abiatzen naiz idazketan.

Eremuen Birkalifikatzea izan da Xabier Leteren lehiaketan aurkeztu duzun lana. Barnera gaitzazun lan horretan. Zertan da?

Bilduma honetan gure gaurko arazo sozialak hartzen dut abiapuntutzat. Higiezin burbuilaren osteko paisaia, hain zuzen, poema anitzen eszenatokia izateaz gain, liburuaren muinean dago.  Nik hagitz ahul dakusat gure gizartea.  Hemen ere dago proiektu politikoa edota soziala aurkezten duen alderdirik edo plataformarik…  Munduko iraultzaren zilbor hestetik gatoz euskaldunok, eta bat-batean ameskeria horretatik atera gara.  Gizarte oso bat engainatua izan da, “aberatsak gara, nahi duzuena egin dezakezue, kontsumitu eta gainerakoa atzendu” erran ziguten, eta guk oso gustura barneratu genuen mezu hori, buru-atsegintasunaren zulo horretan ito ginen, hori bai, bitartean munduko iraultzaile handienak izateari utzi gabe.

Batzuetan, gure arazo pertsonalei buruz idazteko eskubiderik ez dugula pentsaten dut, mundua nola dagoen ikusita, jende anitzaren benetako problemak ikusita.  Ikuspuntu honetatik, poesia soziala egingarria da, ez halaber, duela hamarkada batzuk egiten zen poesia sozial… ideologizatuegia, hanpurus hura, baizik eta modu apalago batean, norbanakoaren sentsibilitatetik gizartera doan poesia sozial bat.

Hortxe dago Eremuen birkalifikatze horren bigarren interpretazioa.  Beti buruan daramadan galdera da ea gaur poesia idatz daitekeen, agortuta ez ote dagoen.  Eta baiezkoan, nola.  Mundua eta gure bizi-baldintzak aldatzen badira, beti izanen dugu sortzen diren eremu berriak izendatzeko beharra, edota aldatzen diren eremu zaharrak birkalifikatzeko beharra… Poesia oraindik posible liteke.

Hau baino lehenago dituzu Oihan nabarra, Haize hegoaren aroak, Gertakarien urtzea, Unplugged, Trenen abiadura eta Maizter arrotza. Zerk elkartzen ditu. Zerk ezberdintzen ditu.

Elkartu, agian, estiloaren aldetik, hizkuntz gardena bilatzeko nahia, irudien erabilpen neurritua, ahozko erregistrotik hurbil dagoen tonu baten bilaketa ez estridentea,…. Liburuen arteko diferentzia nabarmenenak gaietan egon daitezke, edo gaien trataeran.  Arestian aipatu dudan bezala, bat orokorrean beti gai berberek erakartzen dute, baina gaiak tratatzeko modua ezberdin da liburu bakoitzean. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button