IKUS-ENTZUN

“Youtubeskolak”, Youtube bidez euskarazko edukiak sortzeko ikastaroak

Bizkaiko Foru Aldundiak Youtubeskolak egitasmoa abiatu du, Azkue Fundazioaren lankidetzarekin. Bizkaiko bost udalerritan garatuko da ekimena, Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin hain zuzen, udalerri  horietako eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan.

Egitasmoaren helburua, gazteen artean gehien kontsumitzen den plataforma horretan, euskararen erabilera sustatzea da, euskarazko ikus-entzunezko edukiak eta erreferenteak sortzea alegia.

13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat zuzendutako ikastaro trinkoa izango da, jardunaldi bakarrean egingo dena, goizeko 09:30etik arratsaldeko 18:30era, bazkaltzeko etenalditxo batekin. Udalerri bakoitzean bi tailer emango dira, eta interesa duenak egun bat edo bestea aukeratu dezake. Hala, Durangon eta Basaurin urriaren 5 edo 6an eman ahalko da izena; Derion, urriaren 19an edo 20an; eta Zallan eta  Zornotzan, urriaren 26 edo 27an. Orotara 30 laguntzentzako lekua egongo da udalerri bakoitzean, 15 laguneko bi lantaldetan banatuta.

Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa jorratuko ditu, eta jardunaldi berean, prozesu tekniko osoa barneratuko dute ikasleek.  Alde teorikoan, Youtuben kontu bat sortzeko urratsak,  pribatasuna, profila pertsonalizatzea, ikustaldi gehiago izateko estrategiak…  landuko dira. Alderdi praktikoan aldiz, grabaketak eta muntaiak egin, bideoak sortu, editatu, produzitu edota post-produzitu, musika, edota  kanalak sortu eta kudeatzen ere ikasiko dute ekimenean parte hartzen dutenek.

Izena emateko epea gaur zabaldu dute. Horretarako, Youtubeskolak webgunean irailaren 30a baino lehen inskripzio fitxa bete beharko da.

Eskola egitasmoarekin batera, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko dute urrian eta azaroan eta 2003-2006 urte bitartean jaiotako  Euskal Herriko gazte orok parte hartu ahalko du bertan.  Horretarako, lehiaketa abiatuko den egunean bertan, urriaren 28an, jakinaraziko den gai zehatz bati lotutako bideo bat egin beharko dute parte-hartzaileek, alegia, objektu eta esaldi baten inguruan osatu beharko dituzte lanak.  Bideoak, gehienez, minutu eta erdiko iraupena izan beharko du eta lanak aurkezteko epea, azaroaren 24an amaituko da.

Bi sari banatuko dituzte irabazleen artean, eta azaroaren 30ean, egitasmoari amaiera emango dion  festan sariak emango dituzte ezagutzera.

Informazio guztia Youtubeskolak web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button