IKUS-ENTZUN

Zinebi euskal film laburren proiekzioarekin hasiko da gaur

Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia, Arriaga Antzokian hasiko da gaur 19:30etik aurrera Sail Ofizialeko lehian arituko diren euskal film laburren proiekzioarekin. Zinebik Ohorezko Mikeldia emango dio Margarethe von Trotta aktore, gidoilari eta zuzendari alemaniarrari, eta omenaldi horren ondoren proiektatuko dira pieza horiek, erabateko estreinaldiak direnak.

Azaroaren 18ra bitartean luzatuko den zinemaldian euskal zinemaren presentziak garrantzi handia izango du, eta 45 euskal ekoizpen proiektatuko dira.

Gaur Sail Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburrak honakoak dituzue: Azaletik azalera, (Mel Arranz, 2021); Berak baleki (Aitor Gametxo, 2021); Yungay 7020 (Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merino, 2021); Kinka (Maider Oleaga, 2021); Vatios (David Perez Sañudo, 2021); Love Needs Time to Kill (Txuspo Poyo, 2021); eta Ur azpian lore (Aitor Oñederra, 2021).

Zazpi film hauek Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Fikziozko Film Labur, Animaziozko Film Labur eta Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldi Sariak (5.000 euro bakoitza), Publikoaren EITB Saria (3.000 euro) eta Gidoi Onenaren SGAE Fundazioa Saria (3.000 euro) irabazteko hautagaiak dira.
Guztira 55 filmek (18 fikzio, 18 dokumental eta 19 animazio) hartuko dute parte eta proiekzioak, ohi bezala, bi ataletan banatu dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehenengoan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF-Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa sartzen dira, errealizadore berrien film luzeei eskainita. Bigarrenean, Beautiful Docs-Munduko dokumentalen panorama, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen sail ez-lehiakorra, eta Bertoko begiradak-Miradas desde Euskadi atala, Euskadin ekoitzitako film laburrez eta luzeez osatua.

Azaroaren 19an aurkeztuko da jaialdiaren palmaresa, eta epaimahaiak emango ditu Sail Ofiziala-Nazioarteko Film Laburren Lehiaketako sariak.

Zinebi jaialdiak dauka programazio osoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button