ESZENA

“Asfaltoaren azpian, euria” ikuskizunaren estreinaldia

Maiatzaren 20an, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken lanaren estreinaldia ikusteko aukera izango da Leioako Umore Azoka jaialdiaren barruan. Hitzordua gaueko 21:30ean izango da, Errekalde plazatik abiatuta. Data horretaz gain, maiatzaren 21ean ere egingo da, 13:30ean.

“Asfaltoaren azpian, euria gure auzoetan egingo dugun ibilaldi dramatiko bat da, gure beldurren sakon-sakoneneraino eramango gaituen murgiltze-esperientzia bat, teknologiaren, adimen artifizialaren eta zuzeneko musikaren laguntzaz. Finean, espazio publikoko bizitzaren inguruko hausnarketa komunitario bat egiten ahalbidetuko digun ukronia espekulatibo bat.
2031. urtea da. Covidaren Omega aldaera bortitzaren ondorioz, hamar urte eman ditugu etxean konfinatuta. Eta, orain, kalera ateratzeko unea da berriro. Baina beldurra da nagusi. Zenbat aldatu da gure hiria? Eta gu geu?”

Joan den neguan, taldeak Errealitatearen agertokian izeneko ekimena jarri zuen martxan. “Arkitektura eta hirigintza arloko adituekin solasean aritzeaz gain, Bilbo, Gasteiz eta Hendaiako bizilagunekin elkartu ginen, haien hirien gaineko hausnarketa kolektiboak egiteko. Han jasotako materialarekin ere osatuta dago Asfaltoaren azpian, euria ikuskizun hau.”

Leioako Umore Azokatik iragan ostean, Hendaiako Antzerkiaren Maiatzan, Gasteizko KaldeArten, Bilboko Kalealdian, Zarauzko Kalerkin edo Antsoaingo jaialdian ikusi ahalko da pieza ibiltaria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button