IKUS-ENTZUN

“Zinebi Express” film laburren lehiaketa bueltan da

“Zinebi Express” film laburren lehiaketa datorren ostiralean, azaroaren 4an abiatuko da Bilbon. Bi urteko geldialdiaren ondoren, Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren eskutik dator;  Euskal Herriko Unibertsitateko EHUkulturarekin elkarlanean eta Bilboko Udalaren babesarekin.

13.edizioa beteko duen lehiaketa, azaroaren 4tik 10era izango da eta edozein herrialdetako ikasle, talde tekniko zein artistikori irekitakoa da. Bertan, oso denbora laburrean, film labur bat grabatu nahi duen orok bere talentua erakusteko aukera izango du.

Lanen gutxieneko baldintzei dagokionez, film laburrek gutxienez, 2 minutu eta gehienez, 5 minutu izan beharko dute, animaziozko lanek izan ezik. Horiei, 30 segundoko gutxieneko iraupena izatea eskatuko zaie. Kanpoaldeko irudi guztiak, gainera, Bilbon grabatutakoak izatea eskatuko zaie, ostiralean emango diren hiru kokalekuetako bat derrigorrez filmatu beharko dutelarik lehiaketan parte hartuko dutenek. Lan horiek guztiak, azkenez, Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko atarian entregatu beharko dituzte, astelehenean, hilaren 7an, arratsaldeko bostak eta zazpiak bitartean.

Aurtengo edizioko lehiaketaren gaiari dagokionez, aldiz, azaroaren 4an, ostiralean, emango da jakitera Bizkaia Aretoko Mitxelena auditorioan egingo den topaketan. Izan ere, 13.edizioa betetzen duen jaialdiari hasiera emateko, aperitibo bat egingo da bertan, Uniaren ostean, zer? goiburupean.

Topaketa hau, ikus-entzunezko industriarekin zein zinemagintzarekin lotutako ikasketak egiten ari direnei zuzendutakoa da, Unibertsitateko Arte Ederren eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateetako ikasle ohiei ere zabalik dagoena. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Alaitz Arenzanak, “Zinegoak” Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko artista eta egungo zuzendariak ; Maider Urkitza soinu-teknikariak; zine ekoizle eta antzerki zein telebistako aktore Ander Barinaga-Rementeriak; eta Larraitz Zuazo eta Esti Urresola zinemagileek.

Film labur sarituen proiekzioa, berriz, ostegunean, hilak 10ean, izango da, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan.

Xehetasun guztiak dituzue zinebi.eus webgunean.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button