LITERATURA

Gazte literaturako bi nobedade aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak

Aurpegiko ubeldurak kontakizunaren protagonista Matilde izeneko emakumea da, eta tratu txarren inguruko istorioa kontatzen du. Matilde erietxean dago, senarrak emandako azken jipoiak utzitako arrastoak sendatzeko asmoz; bere burua defendatzeko, baina, erabaki gogorrena hartu behar izan zuen, eta orain luze eta zabal hitz egingo dute gertaera hartaz, haren zergatiez eta ondorioez.

Antton Kazabon (Oiartzun, 1954) lanbidez irakaslea da, bertsolaritzaren inguruan ere jarduna, eta haur nahiz gazteentzako liburu askoren egilea, hala nola: Emozioen kuliska, Kaixo, Kattin!, Pirtzina zilborrean, Zigarrotxoa ahoz aho, Atearen atzean.

Medusaren burua berriz, Marilar Aleixandre madrildarrak idatziriko lanaren itzulpena da. Liburua Aiora Jakak euskaratu du.

Mozorro-festa baten ondoren, autoz bide bazter urrun batera eraman eta bortxatu egingo dituzte Sofia eta Lupe. Hori ez da izango beren zoritxarren hasiera baizik. Jendearen begiradek ihes egiten dietela ohartuko dira, beraiek balira bezala lotsatu behar dutenak. Minigonaz joan izana aurpegiratuko ote diete? Salaketa bertan behera uzteko eskatu? Guzti hau, Medusaren mito greziarrean oinarrituz. Medusa, jainko batek bortxatu zuen, eta jainko hura zigortu beharrean, emakumea zigortu zuten, buruko ileen ordez sugeak eramatera.

Marilar Aleixandre 1947an Madrilen jaio arren, Galizian bizi da eta galizieraz idazten du; gazte literaturako idazle moduan nabarmendu da eta arlo horretako sari ugari irabazi. Euskaraz, besteak beste, Etorkizunik ez eleberria irakur liteke. Aiora Jakak, aldiz, itzulpen-ikasketak egin ditu eta hainbat lan itzuli eta argitaratu ditu dibulgazio nahiz literatur arlokoak.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button