EZLEKUBAT

Eguzki-loreen gaua

Aurrekoan Jorge Sanchez Cabezudoren Eguzki-loreen gaua (La noche de los girasoles) pelikulea ikusteko aukera izan neban eta harritu ninduala aitortu behar deutsuet, ze bizi garen garaien parabola bat begitandu jatan. Baliabide gutxigaz eta aktore on batzuen lanakaz, ondo kontautako istorio batek emaitza ezin hobeak emoten dauzan proba argia izateaz gain, gizartean sofritzen dogun biolentziaren ispilu dala esan leike.
 
Narrazioan eta interpretazinoan oinarritzen dan istoriaren ezaugarri bi azpimarratuko neukez: alde batetik, errealismo gordina; eta bestetik, suspensea. Itxuraz zuzendariak ahalik eta objetibitate zorrotzenaz erakutsi nahi izan deuskuz hain arin pasautako gertaera desberdinak (hiru egunez asko jota gertatakoak) indarkeriaren ondorio latzak begien bistan lagateko. Biolentziak analisiari lekurik ez deutsa lagaten, eta jazotakoen azterketa bat eskatzen dauanean ez da bilatzen konponbidea, irtenbide pertsonala baizik. Halabeharrak sekulako eragina daukala, ekintza batek bestea dakar; azkenean, dana ostera be bere onera etorriko da, baina pertsonaia nagusien bizitza guztiz aldatuko da erruduna, hiltzailea, aske geratuz.
 
Gizakion ahultasuna dala filmean nabarmentzen dana argi dago, ze istripuren bat gertaten danean legetxe ze puntutaraino patuaren hatzamarretan gagozan konturatu geinke. Biktimak, emakumea eta nekazaria, kasualitatez gizaseme basatienen presa bihurtuko dira; biolazinoak errugabearen heriotza ekarriko dau eta lege hausturak zigorrik eza. Madarikazioren bat beteten ahal da pelikulean? Batek daki; gutariko bakoitzak pelikulean nabarmentzen dan lez bere patua ete dauka? Izan leike, behintzat prentsa holan agertzen jaku egunero: zorigaiztoz beteta.
 
Suspensea dala eta, istoria nola kontauta dagoen azpimarratuko neuke: lehenengo bortzatzaile depredadorea agertzen jaku, gizonarengan fedea galtzera eroaten gaituen psikopata odoltsua, holan hasieratik tentsio giroa sortzen da; gero, espeleologoek istoriaren lekua eta pertsonaiak definitzen dabez: ikertzaile nagusia, honen bikotea eta laguntzailea izango dira paraje isolatu horietara ailegatuko diranak; eta azkenik, istoriak atrapauko dabezan herrikoak: koba ondoan bizi eta alkar ikusi ezin daben bikotea eta guardazibilak, hauek istorioaren ordena eta denbora zehaztuko dabez. Bioladorearen biktimak hiltzaile bihurtzen dira desolasioaren erruz, nahi barik, baina gero guardiazibil gazteagaz konpoketa zikin batera ailegatzeko prest dagoz: lortutako akordua errezena eta praktikoena da, baina bitartean bioladoreak bere kasa inolako traba barik segiduko dau sufrimendu gehiago sortzen. 
 
Pelikulean arau guztiak apurtzen dira: deskuidoz hiltzaile bihurtuak libre geratuz, ez dago zigorrik legea hautsi dabenentzat; beti biktimak gizarteko sektore ahulenak dirala garbi ikusten da. Biolentziak biolentzia dakar lege arauak ez badira betetzen: printzipioz, edozein errugabe dala besterik frogatzen ez dan artean; bigarrenez, inork ezin leikeala justizia bere esku hartu; azkenik, eskubiderik ez dagoala ekintzen ardura jaso gabe, ze bestela inoiz ez da konponduko arazoa. Pelikulako momentu batean guardia zibil gazteak nahi barik hiltzaile bihurtutakoari ez kezkatzeko dinotso, hildakoak familiarik ez edukitzean justizia beharrik ez dagoala; hau da, hilotza zaintzeko inor ez dagonez, ekintzak ez daukala zigorrik. Egoera muturreraino eroaten da baina zer pentsau emoten dau, batez ere lege kolektiboek oinarri indibiduala behar dabela; taldearen izenean eta honen interesen arabera ezin dirala lege hausturak, gutxiago heriotzak, justifikatu. Horregatik Eguzki loreen gaua gure gizartean sofritzen dogun biolentziaren parabola dela esango neuke, biolentziaren arbitrariotasunaz, eskubide indibidualen urraketaz eta arazo kolektiboei irtenbiderik emon gabe konponketa indibualagaz berba egiten deuskulako.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button