LITERATURA

Gaur hasiko da Bilboko Gutun Zuria jaialdia

Gaur hasiko da Azkuna Zentroan Gutun Zuria-Letren Nazioarteko Jaialdiaren IX. edizioa eta apirilaren 24ra bitartean luzatuko da, literaturan hain ohikoa den krimena eta delitua gaiaren inguruan aritzeko. Ohikoa denez, egungo panorama literarioko hainbat idazle bertaratuko dira, hala nola Sergio Gonzalez, Dacia Maraini, Ernesto Mallo, Ricardo Menédez Salmón edota Rodrigo Rey Rosa, eta hauekin eta beste batzuekin mahai-inguruak, hitzaldiak, elkarrizketak eta abar antolatuko dira. Zinema ziloa bat ere programatu da data horietan.

Diogun bezala, aurtengo edizioan gonbidatutako idazleek bere narrazioetan “krimena eta delitua nola aztertzen duten azaltzeko aukera izango dute, eta gai horren gertaerak, fikziozkoak zein errealak, eta literatura aldetik erronka horri nola ekiten zion argituko dute”. 

Aurten Jon Kortazarrek antolatu ditu programa nagusiaren barruko euskarazko. Hala, apirilaren 22an, Katixa Agirrek moderatuta, Jon Alonso, Garbiñe Ubeda eta Jon Arretxe bilduko dira goian aipaturiko gaiaz mintzatzeko. Ubedak Hobe ixilik argitaratu zuen duela urte batzuk, gerra garaikoez mintzatzeko. Arretxek egungo detektiberik interesgarrienetako bat sortu du bere pertsonaien artean, eta Alonsok Beltzaren koloreak izeneko entsegua kaleratu du, nobelaren beltzaren inguruko ikerketa eginez.
Egun horretan ere, baina Loraldia jaialdiaren barruan, Karlos Panerak, Itziar Ituñok eta Juanra Madariagak Poeta gorri horiek! izeneko ikusgarria egingo dute. Lau poeta, Blas de Otero, Gabriel Aresti, Gabriel Celaya eta Angela Figuera, bildu dituzte garai ilunetan idatzitako poesia eszenaratzeko, Memphis Belle Blues taldearen blues baten laguntzaz. Miren Agur Meabe idazleak itzulpenak egin ditu.

Eta egun horretako azken orduetan, 22:00etan, errezitaldi-kontzertua antolatu da Ruper Ordorikarekin, Izkiriaturik aurkitu ditudanak titulupean. Bereak ez diren testuak (Atxaga, Aresti, Anselmi, Artze, Sarrionandia, …) kantatuko ditu Ordorikak.

Gutun Zuriaren bederatzigarren edizioa honetan ere, zinematekak ziklo berezia eskainiko du krimena, mafia eta espioitza aztertzen dituzten filmekin ondua. Pantailaratuko diren filmak honakoak dituzue: Missing (Costa-Gavras, 1982), Yriana (Stephen Gaghan, 2005), Gomorra (Matteo Garrone, 2008)  eta Poulet Au Vinaigre (Claude Chabrol, 1985).

Programazio guztia Azkuan Zentroko webgunean eskuratuko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button