LITERATURA

Donostiako Liburu eta Disko Azoka martxan

Donostiako Liburu eta Disko Azoka hasita dago eta uztailaren 16ra arte egongo da zabalik. Betiko legez, hainbat liburu aurkeztuko dira bertan. Horretaz gain, aurten, Euskal Poesia izeneko erakusketa izango da ikusgai Gipuzkoa plazan.

Hitzordu interesgarriak izango dira egunotan Donostiako Liburu eta Disko Azokan. Gaur adibidez, Erein argitaletxeak prentsaurrekoa egingo du Ramon Saizarbitoriaren lan mitiko baten itzulpena aurkezteko: 100 metros. Egilearekin batera Jon Kortazar eta Iñaki Aldekoa egongo dira.

Obra klasiko horren sinopsia Wikipedian duzue: “Ehun metro Ramon Saizarbitoriak idatzitako bigarren eleberria da, lehen aldiz 1976an argitaratu zena. ETAkide batek poliziengandik ihesi Donostiako Konstituzio plazan eraila izan aurretik korrika egiten dituen azken metroak kontatzen ditu, haren haurtzaroko bizipenak, klandestinitateko egunak, iraganeko amodiozko harreman bat, egunkarietako titularrekin, beste gazte bati egindako itaunketa polizialekin eta kaleko jendearen iruzkinekin tartekatuz. Heriotza gertatu den tokitik gertu poliziak atxilotu eta itaundutako beste gaztea ETAkidearekin halabeharrez loturik suertatu da. Hego Euskal Herrian frankismoaren garaian bizi zen giro zapaltzailea ere islatzen du eleberriak, bereziki euskararen aurkakoa. Narrazioa estilo berezi batez garatzen da, garai hartako euskal literatura berritu zuten moldeak baliatuz; hain zuzen flash-backa, collagea, elipsia eta bestelako baliabideak erruz erabiltzen dira kontakizunean, irakurleari elementu horiek guztiak lotzen uzteko”.

Gaur ere, Pamiela argitaletxearen ekitaldia izango da arratsaldean Juan Martin Elexpururen Euskararen aztarnak Sardinian izeneko lana aurkezteko.
Aipatzeko ere bada, asteazkeneko saioa.  Pamiela argitaletxearen 39 idazle nafar lanaren aurkezpena egin da Fertxu Izquierdo eta Jose Angel Irigaray adituen eskutik.
Datorren astean, Txalaparta argitaletxearen prentsaurrekoa programatu da Joseba Gabilondoren Populismoaz: Euskal independentzia eta sintomen politika globala lana presentatzeko.

Bestelako datuak Donostia Kulturan dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button