LITERATURA

“Versus”, akziorik gabeko nobela

Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, 1962) idazleak Versus (Elkar) izeneko eleberria plazaratu du. “Nobela bat da, baina izan liteke ipuin-liburu bat edo prosa poetikozkoa ere”, esan du autoreak. Izan ere, liburuan bildutakoak poemak, mikroipuinak, edo aforismoak direla esan daiteke, besteak beste.

Naufrago baten egoera kontatzen du liburuak, berrogeita hamar metro koadro, eta palmera bakarra duen irla batean bakarrik dagoen Versus izeneko naufrago batena, hain zuzen.  Hain elementu gutxiko istorioa kontatzeko askotariko 99 pasarte ondu ditu idazleak. Atalok formaz eta edukiz erabat desberdinak izan arren, luzera ia berdina dute.

“Akziorik ez dagoenez, Versusen oroimenaren hariari tira egin behar izan diot, bere irakurketa askotarikoak hizpidera ekarri, bere kezkak, esperantzak, bizi ahal izateko burutzen dituen gauza burugabe eta barregarriak… Zertan pasatzen du eguna naufrago batek? Ba, larru horretan sartu, eta neronek egingo nituzkeenak barru-barrutik kontatzen saiatu”.

Idazle gipuzkoarrak Raymond Queneau idazle frantziarraren obra izan du gogoan.  Surrealismoaren jarraitzailea, literatur hizkuntza etengabe jarri zuen kolokan parodiaren bidez: “Queneau izan dut gogoan, bai, baina era arin batean soilik. Hark, bere liburuan, eszena bakar bera modu desberdinetan kontatua ematen du; nik, aldiz, pertsonaia eta kokapen geografikoa errepikatzen ditut, baina eszenak beti desberdinak dira. Harena ariketa estilistikoa da batik bat; nirea, gehiago da literarioa”.

“Rasputin eta San Petersburgoko gauak”

Bestalde, gogoratu Elkar argitaletxeak Joxemari Iturralderen Rasputin eta San Petersburgoko gauak eleberria ere kaleratu berri duela. Rasputin Errusiako Romanov dinastiaren azken urteetako pertsonaia liskartsua eta famatua izan zen. Errusiako azken tsarraren egunak berregin ditu Iturraldek eleberri honetan. Garai gorabeheratsu horretan, bikote euskaldun bat harrapatuta geratuko da San Petersburgon.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button