LITERATURA

Azkue ezezagunaren figura gaurkotuz

Jurgi Kintanak idatzitako Azkue. Bilbotar ezezaguna (Erein) izeneko lana aurkeztu da gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian. Obra honek Bilboko Udalak antolatutako Miguel de Unamuno XV. Saiakera Lehiaketaren 2014ko deialdiaren euskarazko modalitateko saria jaso zuen.

Azkue. Bilbotar ezezaguna izeneko lanarekin, Jurgi Kintanak Azkueren figura errebindikatu nahi izan du Bilbon bertan dauden maila handiko beste pertsonai entzutetsuagoen aurretik. “Azkueri buruzko uste okerrak zuzendu nahi izan ditut eta Bilbon merezi duen lekua eman, Unamuno edota Arestiren maila kokatzeko” adierazi du egileak.
Izan ere, eta lanaren kontra-portadan adierazten den bezala, “zer dute komunean Sabino Arana abertzaleak, Zita austro-hungariar enperatrizak, Ramón Menéndez Pidal espainiar akademikoak, Jesus Guridi musikariak, Hugo Schuchardt linguistak, Pio Baroja idazleak eta Federiko Krutwig euskaltzainak? Guztiek ezagutu eta tratatu zutela liburu honetako protagonista: Resurreccion Maria Azkue (1864-1951)”.
Azkueren topikoak apurtu nahi izan ditu Kintanak, eta idazle hura (Unamuno bezala) bizi zen garaiaren erradiografia bikaina egin du, Azkueren mundua bestelakoa baitzen, “ez zen izan euskal baserri mundutxoan isolatuta bizi zen folklore biltzaile iluna. Euskal Herriko bizitza sozial, politiko eta kulturalean bete-betean parte hartu zuen, eta Europarekin harreman zuzenak izan zituen”.

Unamunorekin erkaturik abiatu du lana, Azkue Bilboko eta Euskal Herriko historiaren testuinguruan kokatuz, eta bere haurtzaroa eta gaztaroa, militantzia politikoak, musikari garaiak eta irakasle lanak aztertuta, euskaren alde emandako hainbat bultzaden lekukoak ekarri ditu orriotara, garairik garai. Azkuek baserriko euskara hirira ekarri nahi izan zuen, eta arlo guztietara zabaldu. Eta horren alde sekulako lana egin zuen, inoiz aitortu izan ez zaiona.

Jurgi Kintana Goiriena (Bilbo, 1975) Historian doktorea eta UEUko kideaa. Gaur egun, EHUn ari da lanean Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Bereak dira Sabino Arana Goiri, Euzkadiren aita (Elkar, 2007), Intelektuala nazioa eraikitzen (Euskaltzaindia, 2008) eta Urre urdinaren lurrina: euskal idazle galduaren bila saiakera (Pamiela, 2009). 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button