ESZENA

Dantzaz konpainiak “Aureo” estreinatuko du Arriaga Antzokian

Gaur goizean, Dantzaz konpainiak Bilboko Arriaga Antzokian estreinatzeko duen Aureo koreografiaren gaineko xehetasunak eman ditu. Obra berri hau nazioarteko Jone San Martin, Adriana Pous, Judith Argomaniz, Lukas Timulak eta Christine Hassid koreograforen bost pieza laburrek osatzen dute. Urriaren 9an eta 10ean eszenaratuko da Arriaga Antzokian.

Aureo lana 2013an hasi zen sortzen publikoarekiko lotura eta hurbiltasun berezia kausitu nahian, eta horretarako bost koreografo garaikide gonbidatu genituen, dantza estilo ezberdinen dastatze bat egin ahal izateko”, adierazi du Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendari orokorrak.

Hortaz, bost koreograforen bost sorkuntza lan berriek osatu dute ekoizpena. Koreografoen dantza garaikidearen piezek indar eta adierazkortasun izugarria erakutsi dute, eta era berean, estilo anitza. “Proposamen horren balio nagusietakoa irisgarritasuna da, ikus-entzule guztiek goza ditzaketen proposamen eszenikoak baitira, dantza adituek zein dantza ikuskizun batera inoiz joan ez direnek”.

Tituluak ere bere esanahia du, izan ere, “Aureo antzinako Grezian, artearen proportzio jainkotiarra adierazteko erabiltzen zen, eta horrekin, geuk dantzarien eta ikuslearen arteko proportzio hori nabarmendu nahi izan dugu”, gehitu du Fernando Saenz de Ugartek.

Gogoratu Aureo asteburu honetan, urriaren 9an eta 10ean, eszenaratuko dela Arriaga Antzokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button