MUSIKA

Zingira, Sharon Stoner taldeko Iñigo Ibarrondoren egitasmo berria

Sharon Stoner bandako abeslari eta baxu-jotzaile Iñigo Ibarrondok Zingira izeneko proiektu berria abiatu du. Horrekin batera, Bidaia sei kantuko estreinako lana plazaratu du. Ibarrondok 70eko urteetako rock progresiboa, psikodelia eta folka uztartzen ditu, lan garaikidea gauzatzeko. Diskoa, gainera, Iñaki Gonzalezen diseinu dotorearekin jantzita dator.

Ibarrondok berak jo ditu instrumentu gehienak, estudioan Sharon Stoner taldeko bateria-jotzaile Egoitz Olalde eta Mikel Zarketa gitarra-jotzailearen laguntza izan duen arren.

Oñatiarrak, gainera, diskoko doinuak grabatu, nahastu eta ekoitzi ditu. Maaterizazioaz, berriz, Estanis Elorza arduratu da.

Grabazioan jasotako doinuen harira, iraupen luzeko piezak dira, 6 eta 9 minutu artekoak. Egitura luze horietan, hainbat estiloko pasarteak garatzen dira, batzuetan progresiboak, besteetan psikodelikoak. Bederatzi minutu inguruko doinu bat ere bada, Sandaili. Diskoan teklatuen presentzia nabarmena da. Itoizen lan progresibo zaharrak gogorarazten ditu, gaurkotasunez.

Zingirak martxoaren 13an aurkeztuko du Bidaia Oñatiko Gaztelekuan. Apirilaren 8an, Tolosako Bonberenean izango da; maiatzaren 7an, Deustuko  Gazte Lokalean; eta, amaitzeko, ekainaren 4an, Legazpiko Gaztetxean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button