LITERATURA

Hiru lan berri Alberdaniaren eskutik

Alberdania argitaletxeak Ezer Ez, Blog eta Ultramorea liburu entretenigarrien aurkezpen ekitaldia egin zuen atzo goizean Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan.

Mikel Mendizabalek itzuli du Jane Teller idazlearen Ezer Ez lana. Gaur egungo fabula harrigarri bat da Ezer ez. Bertan, gure gizartea da ispiluan bere burua erakusten duena. Bere lotsaizunak ageri dira modu beldurgarri batean. Lan hau gazteentzako eta helduentzako irakurketa nahitaezkoa da. Janne Taller 1964an jaio zen, Danimarkan. Nazio Batuetan lan egin zuen hainbat gatazkari konponbidea bilatzen (Tanzania, Mozambike, Bangladesh), eta 1995az gero, literaturari emana bizi da erabat.

Irati Fernandez Erkizia izan da Jean Philippe Blondel idazlearen Blog lana itzuli duena. “Beraz, bloga nire gune pribatua zen. Nire esparrua. Eta dena izorratu du aitak. Nazkagarria iruditzen zait. Matxinatzeko eskubidea dut. Ez baitu nire bloga kasualitatez aurkitu. Eta ez baitu behin bakarrik bisitatu”. Argi dago zein den lan honetako gaia, hots, sarearen gaineko eleberria eta seme-alabatasunari buruzkoa, gazteentzat propio egina.

Nancy Hustonek nerabeentzat idatzi duen lehen eleberri laburra da hau Ultramorea (itzulpena Jon Muñozek egin du) eta bertan, hauxe kontatzen da: “Gaur 1936ko uztailaren 29a da eta Lucyk bere urtebetetzea ospatuko du. Hamahiru urte. Erabaki du eguneroko bat hastea eta berez esan ezin duena han idaztea: erlijioaren, familiaren eta konbentzioen higuina, errebeldia, heldua izateko irrika, hitzenganako maitasuna”. Espiritu kritikoari egiten zaion omenaldi hunkigarria da Ultramorea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button