ESZENA

Artekale kaleko arte eszenikoen jaialdia, Plentzian

Plentzian Artekale kaleko arte eszenikoen jaialdia egingo da irailaren 15ean eta 16an. Guztira sei ikuskizun izango dira bertan gozagarri.

Jaialdiaren irekiera Cia Barsanti kale antzerkiko konpainiak egingo du Akabo! kale ikuskizunarekin. Oraingo honetan, Cia Barsanti konpainiak gai potolo bat aztertuko du: suizidioa. Urte askotan tabua izan da suizidioa eta, oraindik ere, hala da, jasan duen estigmatizazioaren ondorioz, batez ere, Eliza Katolikoaren eskutik. Suizidioa da, zoramenarekin batera, gizartean eta norbanako gisa dagoen tabu handienetako bat. Zoramena eta suizidioa, hala ere, ez daude hertsiki lotuta, nahiz eta sarritan hori sinestarazten saiatzen diren. Taldekideek beren antzerki-sorkuntzetan gizarte-gaiak jorratzeko beharrizana sentitu dute beti, baina umorea erabiliz, askotan umore absurdoa. “Umoretik gai askotaz hitz egin daitekeelako, beti ere errespetuz eta zintzotasunez egiten bada”.
Interpretazioari eta dramaturgiari dagokionez, meta-antzerkia erabiltzen da une jakin batzuetan, modu naturalista batean. Aktoreak antzezlan bat egiten ariko baitira bat-bateko ezuste bat gertatzear denean: ikusle baten suizidioa.

Kale-antzerkiko ikuskizuna hasiko da plaza batean. Artistek hasiera emango diote ikuskizunari, eta, hasi eta gutxira, antzezlana egiten ari diren lekuaren inguruan, auzokide bat altuera batera igo eta bere buruaz beste egiteko mehatxua azalduko du. Azpian bilduta dagoen jendetza ikustean, hainbat gatazka konpondu beharko ditu: Kenduko al dira salto egin dezan? Kentzen ez badira, euren gainetik egingo ote du salto? Zer egingo dute ikusleek egoera hain deseroso horren aurrean? Zergatik erabakitzen du norbaitek halakorik egitea? Ba al dugu gure bizitza eteteko askatasunik?

Egunotan ikusiko diren beste pieza batzuk zertan diren jakiteko: Artekale.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button