ESZENA

“Sagartu” eta “Topa” koreografiak, Lasarten eta Hernanin

XIV. Dantza Zirkuituak Oinkari Dantza & Hika Teatroa konpainien Sagartu eta Kukai & Brodas Bros konpainien Topa lanak aurkeztuko ditu asteburuan, Lasarte-Oriako Okendo plazan eta Hernaniko Ave Maria parkean, hurrenez hurren. Lan biak, gaur, ostiralean eszenaratuko dira aipaturiko herrietan.

Oinkari Dantza eta Hika Teatroa taldeak Sagartu ikuskizuna eskainiko dute. Sagartu “kaleko ikuskizun multidisziplinarra gisa sortu zen, zuzeneko musika, antzerkia eta dantza lotzen dituena. Sagarra da oinarria eta abiapuntua, umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratzen dituena”.

Jon Maya eta Lluc Fruitos dantzarien batuketatik sortu da Topa izeneko lan koreografikoa. Kukai Dantza taldeak hala definitu du obra hau: “Lau gazte plaza batean daude. Gure hirietako edozein plaza izan liteke. Musika entzundakoan gazteak dantzari ekin diote. Ohikoa da haientzat. Haien adierazpidea da. Dantzari esker dira diren bezalakoak.  Euskal dantza tradizionalean trebatutako dantzariak dira batzuk. Hip hop-eko dantzariak beste batzuk. Kaleak batzen ditu, haien bizi-esparruak, alegia.  Topa ikuskizunak lau interpretatzaileren batura proposatzen du. Hala bada, nork bere jatorri artistikoei uko egin gabe, talde bizi eta energiko batean elkartuko dira, elkarrenganako ezagutzaren bidez interpretatzaileak aberastu ahal izan daitezen.  Kaleko adierazpen garaikideak dira, hirietako plazetan gaur egun elkarrekin aritzen direnak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button