ARTEA

Begira Photo Festibalaren barruan, “Argazkigintza mintzagai” zikloa

Aste bukaera honetan, azaroaren 11an eta 12an, Begira Photo Festibaleko Argazkilaritza mintzagai zikloa atondu da Durangoko Arte eta Historia Museoan. Han bertan argazkigintzako honako izen ezagunek hartuko dute parte: Aitor Ortiz, Oscar Molina, Eduardo Momeñe, Marta Dahó, Laura Terré eta Ruben Ariase, besteak beste.

Lau hitzaldik eta bi mahai-inguruk osatuko dute programa, eta modu horretan gune berri bat eskainiko da argazkigintzaren jardute artistikoari buruz pentsatu, debatea egin eta eztabaidatzeko.
Programazioari  hasiera emateko Aitor Ortizek Ezkutuko begirada izeneko mintzaldia egingo du barikuan. Eta bere ostean, Oscar Molina izango da protagonista Ikusle izatea (argazkilarientzako musika) hitzaldiarekin.
Larunbateko zikloa Marta Dahók hasiko du Argazkigintza irudikatzea erakusketen bidez hitzaldiarekin. Artista italiarrak nolako aldaketak izaten dituzten argazkiek erakusketa batean egon eta gero komentatuko du. Ondoren, mahai-ingurua programatu da: Egoera: argazkigintza garaikidearen kanona eta periferiak. Oscar Molinak, Laura Terrék eta Eduardo Momeñek horren inguruan eztabaidatuko dute.
Arratsaldean, Eduardo Momeñek Zenbait proposamen argazkigintzari buruzko kritika egiteko saioa egingo du. Eta bere ostean, Argazkilaritza mintzagai zikloa amaitzeko, Laura Terré eta Marta Dahó argazkigintzari buruzko kritikaz arituko dira.

Ziklo honetaz gain, Begira Photo Festibalak antolatutako erakusketek zabalik jarraitzen dute. Durangoko Arte eta Historia Museoan Zuhaiztia eta Zuhaitzen lekua dira ikusgai, eta Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan Frozen Trees izenekoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button