ARTEA

Argazkigintzaren hiriburua urritik aurrera

Bilboargazkiren bosgarren edizioak, argazkigintzaren hiriburu bilakatuko du Bilbo urritik aurrera, hainbat tokitan egingo diren bederatzi erakusketekin.

Gaur goizean, Iñaki Lopez de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, Juan Armentia Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko presidentea eta BBK Fundazioko Gorka Martinez bildu dira Bilboargazkiren bosgarren edizioa aurkezteko. “Argazkigintzaz gozatzeko eskaintza zabalaz gain, zaleek artistekin egoteko aukera edukiko dute, eta tailerrak eta hitzaldiak ere egingo dira”, azaldu du Iñaki Lopez de Aguiletak. “Gainera, estatuko eta atzerriko argazkilarien bederatzi erakusketa antolatu dira, horien artean Sergio Tellorena, Argazkigintza Konfederazio Espainiarrak ematen duen 2011ko Sari Nazionalaren irabazlearena ere Bilbon izango dugu”, gaineratu du Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak.

Bosgarren edizio honetan, hainbat estilotako lanak ikusi ahalko dira, hala nola, argazkigintza soziala, artistikoa, estudiokoa, edo urruneko paisaiak eta errealitateak islatzen dituztenak.

Programatu direnak honakoak dira: Iñigo Beristain artistaren La letra pequeña de mi memoria. UPV/EHUko Erakusketa Aretoan egongo da ikusgai urriaren 3tik 31ra.

Poemas fotográficos (Bosco Mercadal). Bere bodegoi bikainak eta finak direla eta, nazioarte mailan hainbat sari jaso ditu Menorkako argazkilariak. Erakusketa urriaren 3tik 14ra ikusi ahal izango da Burtsako Udaltegian.

Sergio Tellok, Imágenes de Rajasthan ekarri ditu. Azaroan CEF 2011 Sari Nazionala jasoko duen argazkilari katalanak, Indiako Rajastan lurraldean ateratako argazki bilduma aurkeztuko du. Erakusketa, urriaren 17tik 31ra ikusi ahal izango da Barrainkuako Udaltegian.

Klass P. Schipper-ek, Estados de ánimo y expresiones izeneko bilduma erakutsiko du. Bertan, gogo egoera sakonak eta keinuak irudikatzen dituzten zenbait argazki bildu ditu. Urriaren 4tik 31ra egongo da ikusgai Espacio de Los Mundos izeneko aretoan.

Aizkoa Pérez gazteak, Ying and Yang dakar Café Iruña-ra. Urriaren 3tik 31ra Ikusi ahal izango da.

Jose Luis Ramirez-ek Mecánica Popular lanak proposatuko ditu. Erakusketa Batzar Nagusietako Aretoan bisitatu ahal izango da urriaren 10etik 31ra.

Frederic Chaubin-ek Sueños ideológicos – Los últimos años de la arquitectura soviética erakusketa paratuko du FNAC-eko erakusketa aretoan urriaren 4tik 31ra.

Eta azkenik, Txinatik datorren Yi Zhijian artistaren lan ederrak ikusi ahalko dira Bilbao Historikoko ExpoGela aretoan, urriaren 11tik 31ra.

Horretaz gain, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dira. Nabarmentzekoa da umeei zuzendutako argazkigintza hastapeneko ikastaroa. Urriaren 16an egingo da Bilboko Alondegian, 10:30etatik aurrera.

Bilboargazkiren webgunean begiratu ahal dira ekimen eta ordutegien gaineko informazioa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button