MUSIKA

Hiru kontzertu eder Markina-Xemeingo “Musika Haizeak” jaialdian

Markina-Xemeingo Udalak Musika Haizeak jaialdia antolatu du abenduaren 27an, 29an eta 30ean.

Gaur, abenduak 27, Xemeingo elizan Vocalia taldea arituko da. Vocalia Taldea emakume abesbatza da. Taldearen asmoa da ahots-talde egonkor bat izatea, ekin diezaiokeena ohiko programazioetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati, musika eta ahots aldetik exijentzia-maila handikoa delako. Gaur egun, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eta Errioxako bataz besteko 36 abeslarik osatzen dute Vocalia Taldea, den denak eskarmentu handikoak abesbatza musikaren alorrean. Programazio ausartak eta eszenaratze zainduak bitarte, taldea erreferente bihurtu da egungo musika koralaren munduan. Gaurkoan, Basilio Astulez izango da zuzendaria, Oscar Rodriguez organo-jotzailea, eta Nerea Gonzalez sopranoa.

Barikuan, abenduak 29, Xemeingo elizan, Akelarre Abesbatza eta Mikel Ansola organo-jotzailea arituko dira. Akelarre Abesbatza 28 ahots gaztez osatutako ganbera-abesbatza da eta gazteen artean musika korala sustatzeko helburuarekin sortu zen. Errepertorio zabala eskaintzen du beti: musika klasikotik hasi eta garaikideraino; euskal folklore zein atzerriko herrialdetako folklore lanak; a capella abestutako zein instrumentuz lagundutako obrak, baita zenbait konposatzaile gaztek Akelarre berarentzat sortutako lanak ere.

Zapatuan, abenduak 30, Arretxinagako ermitan Xabier Zeberio eta Iñar Sastre arituko dira Pause izeneko kontzertua eskaintzeko. Xabier Zeberioren bakarkako lehen proiektua da. Forbidden Colours zigiluarekin kaleratutako disko honetan, unibertso berri bat aurkezten du, ñabardura eta melodia sakonez osatutako eremuetan arakatuz. Hainbat iturritatik edaten duen hizkuntza musikal propio bezain berezia. Minimalismoa, neoklasizismoa eta tradizioa dira besteak beste, lan pertsonal honen osagaietako batzuk.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button