ESZENA

“Pasaiako Dantza Festibalaren” estreinaldia, bihar Pasai Antxon

Pasaiako Udalak eta Haatik Dantza konpainiaren eskutik, Pasaiako Dantza Festibala antolatu da aurten estreinakoz. Jaialdia ekainaren 6tik 9ra izango da eta egun horietan, dantzaz gozatzeko hainbat modu izango dira.

Hala, dantza emankizunez gain, tailer, erakusketa, hitzaldi edota zinema emankizunez beteta dator festibalaren lehen edizioa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdi parte-hartzaile, parekide eta integratzailea martxan jartzea da asmoa. Aurtengoa Pasaiako Dantza Festibalaren lehen edizioa da baina geratzeko etorri da”.

Puntarengoko konpainiez gain, herriko talde eta eskolek ere lekua izango dute egitarauan, eta bertan izango dira, Larrua Proeiktua, Myriam Perez Cazabon, Mugmus laborategia, Ertza, Lasala konpainia, Kolorearekin Elkarte Artistikoa edota Hika eta Oinkari konpainiak, besteak beste. Eta beren dantza piezak eskainiko dituzte, Pasaiako Alkartasuna dantza taldeak eta Iker Murilloren Studio24 eskolako ikasleek ere.

Asteburu honetarako programatutako emankizunei dagokionez, Telmo Esnalen Dantza filmaren proiekzioa, Entre Orillas sorkuntza kolektiboaren tailerra, Myriam Perez Cazabonek gidatutako Dantzaturiko istorioak lantegia, edota Antxoko Muxiko Elkartearen eta Kantu-Jira Elkartearen eskutik, dantza praktikan jartzeko  erromeria izango dira, besteak beste.

Herriaren berezitasun geografikoa dela-eta, antolatzaileek argitu dutenez, “norabide zirkularra izango du festibalak eta urtero barruti batean egingo da Antxon, Trintxerpen, San Pedron eta Donibanen txandakatuz. Lehen edizioa Pasai Antxon izango da, ekainaren 6tik 9ra”.

Informazio gehiagorako eta egitarau osoa ikusteko, jo ezazue Pasaiako Dantza Festibalaren web atarira.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button