ESZENA

Pako Aristi eta Xabier Lopez Askazibar idazleek Cafe Bar Bilbaok antolaturiko Teatro Laburreko saria eskuratu dute

Pako Aristik idatzitako Azken neuronaren heriotza lanak eta Xabier Lopez Askazibarren Piztu gabeko zigarroak obra sarituak izan dira Cafe Bar Bilbaok antolaturiko Teatro Laburreko saria euskarazko lanei dagokienean. La esquela Victor Iriarte kazetariaren lanak ere saria eskuratu du erdarazko sailean.
Formatu txikiko obrak saritzen dira aurten 100 urte bete dituen Cafe Bar Bilbaok antolaturiko Teatro Laburreko lehiaketan. Aurtengoa 8. edizioa izan da eta aurkezturiko lan kopuruari begira pozik agertu da Mikel Martinez, aktorea eta sarien bultzatzailea: "26 lan aurkeztu dira erdaraz eta 10 euskaraz eta oso pozik gaude sariak izaten duen harrerarekin, gero eta ospe gehiago hartzen ari da".

Pako Aristik euskal idazle ezagunak idatzitako Azken neuronaren heriotza lana suertatu da irabazle. "Amets batean jasotako istorioa kontatzen dut. Obra honen hasieran ametsetan ikusi nuen, esnatzean gorde eta geroago forma eman nahi izan diot, modu umoretsuan. Oinarria guztion kontu ezaguna da, errudun faltsuaren istorioa izenekoan oinarrituta baitago". Idazlea ere pozik agertu da sariagatik eta antzerkiaren sasoia nahiko beltza bada ere, "antzerkia idazten dugunok izaten dugun azken ametsa gure lana eszenan ikustea da eta itxaropen hori badaukat".

Xabier Lopez Askasibarrek Piztu gabeko zigarroa lanagatik ere saria eskuratu du. Lan honetan Ediporen mitoaz jarduten du. Lana bakardadeaz eta patuak idatzita dituen bizitzen aldaketaren ezinezkotasunaz mintzo da. "Nire obra bakarrizketa bi dira, gustuko ditut horrelako lanak. Obran, bi pertsonaia mitikoen enkontrua kontatzen du baino gaurko egunetara ekarria". Lopezek Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuen eta hainbat antzerki konpainiatan egin du lan.

Victor Iriarte kazetariaren lanak (La esquela) ere saria eskuratu du erdarazko sailean. Pieza komikoa da nafarrak izkiriaturikoa, non somatizaturiko pertsonen fobiez egiten den barre.
Gaztelaniazko lanak 1.200 euro jasoko du eta euskarazkoak 1.400. Gainera, Artez argitaletxearekin, etorkizun laburrean, argitaratuko dira saritutako lanok, eta Bilboki ekimenean oholtzaratu.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button