LITERATURA

Blas de Oteroren jaiotzaren mendeurrenaz

Joan den martxoaren 15ean ehun urte bete ziren Blas de Otero poeta jaio zenetik (1916-1979. Hori dela eta, Blas de Otero Fundazioak eta Bilboko Udalak zenbait jarduera antolatu ditu Ehun urte Blas de Oterorekin 1916 – 2016 izeneko ekimenean.

Hala, maiatzaren 31tik ekainaren 4ra Bidebarrietako liburutegian, Blas de Oteroren figuraren inguruan hainbat idazle elkartuko dira literatur topaketetan, besteak beste, Pere Gimferrer, Antonio Martínez Sarrión, Antonio Colinas –Poesia Iberoamerikarreko Reina Sofía Saria 2016–, Manuel Rivas, Elena Medel, Andrés Neuman argentinarra, edo Paco Ibáñez kantautorea. 

Literatur jardunaldiak datorren astelehenean zabalduko dira, arratsaldeko 19:30ean, José Fernández de la Sota eta Caballero Bonald  idazleen presentzia duen film labur dokumentalaren proiekzioarekin. Bertan agertzen den solasaldian, Blas de Oterorekin izan zuen harremanaren eta Oteroren legatuarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du Bonaldek.

Hurrengo egunean, asteartean, maiatzaren 31n, lehenengo topaketa egingo da, Pere Gimferrer poeta (Bartzelona, 1945) eta Antonio Martínez Sarrión (Albacete, 1939) elkartuko dituena. Asteazkenean, ekainaren 1ean, Antonio Carvajal eta Antonio Colinas idazleen txanda izango da. Blas de Oteroren inguruko hirugarren topaketa ostegunean izango da eta hor, Felipe Juaristi (Azkoitia, 1952), Manuel Rivas (Coruña, 1957) eta Marta Sanz (Madril, 1967) idazleak elkartuko dira.

Ostiralean, ekainaren 3an, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak, Expresión y reunión izenburupean, poesia garaikideko lau ahots garrantzitsu bilduko dituen poesia errezitaldia jasoko du: Xuan Bello (Asturias, 1965), Amalia Iglesias (Palentzia, 1962), Andrés Neuman (Buenos Aires, 1977) eta Elena Medel (Kordoba, 1985) poeta gaztea. Errezitaldiak Iñaki Salvadorren pianoaren laguntza izango du.

Azkenik, ekainaren 4an, arratsaldeko 20:00etan, eta Bidebarrietako liburutegian, Paco Ibáñezen kontzertua programatu da jardunaldioi amaiera borobila emateko. Agertokian Mario Mas (gitarra) eta Joxan Goikoetxea (akordeoia) musikariak izango ditu ondoan.

Informazio guztia hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button