LITERATURA

Oier Guillanen azken lana, “Zauri Bolodia”

Oier Guillanen azken lanak krisian dagoen aktore baten egunkaria da. Zauri Bolodia, “idealista porrokatua, undergroundean hasi eta apurka-apurka profesionalizatzen joan da; bide horretan nekea, desengainua, prekaritatearen zama eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra etorriko zaizkio”. Egunotan, Txalapartak lanaren aurkezpena egin du.

Bidaia literario horretan, egilearen alter egoak gogoeta egiten du kulturaz, amateurismoa vs profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, gutik nira doan bidaiaz, generoaz eta sorkuntza prozesuaz. “Azkenean gai horiek Zauri Bolodia ahots narratzailearen egunerokotasuna baldintzatu dute. Badago nolabaiteko garapen bat hala ere: Zauri Bolodia oso idealista da hasieran, utopia hitza errepikatzen du behin eta berriz, kultur erreferentzia berrien bila dabil… Ondoren etorriko dira nekea, desengainua, prekarietatearen zama eta aurrera jarraitzearren norbere burua berrasmatu beharra” dio egileak.

Generoaren kezka ere plazaratu du hainbat lanetan eta honetaz ez da flatako (Arra. Arraroa, Mr. Señora, Miss Karaoke,…) eta gai horretaz honakoa dio Oierrek: “Gorputzari loturiko politikek mundua begiratzeko modu bat eskaini didate, egunerokotasuna galdekatzeko zorroztasun bat. Begirada horrek ez luke zentzurik lehenik eta behin neure burua –gizon eta postgizon bezala– jomugan jarriko ez banu”.

Liburuaren hitzaurrean, Madame Slipek dio: “Zinikoak gara benetako azken idealistak. Ziniko gara gauzak benetan inporta zaizkigulako, edo hori uste dugu guk, sekretuan, barne-barnean. Benetako ziniko batentzat, ez dago gauza amorragarriagorik ustezko idealista mediokre bat baino”.

Txalaparta argitaletxearen hitzetan, “Hona gure kulturaren eta sorkuntzaren gaineko begirada zorrotz, kritiko eta autokritiko bat eta, hala ere edo horregatik, utopikoa eta ederra”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button