ARTEA

“Odradek”, animazio espektraleko tailerra Artelekun

Franz Kafkaren Die Sorge des Hausvaters (Aita familiakoaren kezka) ipuinean agertzen den Odradek izeneko izakia abiapuntu hartuta, Marcel Pié Barbak eta Pere Ginardek “animazio espektraleko tailerra” zuzenduko dute Donostiako Arteleku zentroan uztailaren 9tik 25era. Izena emateko azken eguna uztailaren 2an da. Tailerrak animazioko film kolektibo esperimentala egitea du xede.

Hala, film kolektibo horretan hainbat animazio teknika uztartuko dituzte, hala nola, stop-motion, marrazki bizidunak eta collagea. Horrela, azpiegitura hori dela medio, partaideek, neurri batean, ustekabekoak diren adierazpide propioak esploratuko dituzte.

Aipaturiko lan kolektiboaz gain, tailerreko partaideek hainbat film labur ikusi eta haien testuingurua (egilea, erabilitako teknika, eta bestelakoak) jorratuko dute.

Irakasleei dagokienez, Marcel Pié Barba (Bartzelona, 1980) animazioko errealizadorea da, Bartzelonako Arte Ederretako Fakultateko irakaslea eta Estampa estudioko diseinatzailea. Pere Ginard (Mallorca, 1974), berriz, ilustratzailea, zinemagilea eta, Laura Ginèsekin batera, Laboratorium mikrofaktoriaren sortzailea.

Tailerrarekin loturiko xehetasun gehiago Artelekuren webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button